Baimendutako mendiko suak egiteko eskaera-epea abian da

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 6a, 13:00
Almandozko Libus ingurukoa izan zen suterik handiena, 40 hektarea erre baitziren.

Mendiko suei buruz solastatzeko Euskal Herriko Laborantza Ganbararekin, azaroaren 22rako mintzaldia antolatu du Baztango Udalak

Urtero bezala mendietan suak egiteko sasoia etorri da eta arriskuak saihesteko baimenak eskatzeko epea urriaren 1etik irekita dago. Iaz 685,93 hektarea erre ziren Baztanen, horietarik 444 hektarea baimenik eskatu gabe eta kontrolik gabe, kalte eta arrisku dezente sortuz.

 

EPRIFeko taldearekin sei erreketa egin ziren, denera 65,11 hektarea errez. Horietan erreketa handiena Elizondoko Ixterbegin egindakoa izan zen 20,8 hektareakoa; dena ote eta larra.

Bertzalde, partikularrek 23 erreketa egin zituzten, denera 176,81 hektarea errez, handiena Almandozko Iraperri alderdian, 21 hektareakoa. Erreketa hauetan ere ote eta erre ziren, kontrolpean eta auzokoen artean.

Baimenik eta kontrolik gabe berriz, 19 erreketa izan ziren aitzineko sasoian, denera 444 hektarea errez. Suterik handiena Almandozko Libus ingurukoa izan zen, 40 hektarea erre ziren eta sua etxe baten ondoraino ailegatu zen, lehor bat errez, etxeko egur-pila… Gainera harizti eta gaztaindiak ere kixkali zituen. Kontrolik gabeko su hauek kalteak sortzen dituzte, bertze adibide bat Lekarozko Sagarbilen gertatukoa da Ikastolako haurren  hariztia kaltetu zuena.

Suen kalteak murritzeko baimena eskatzea beharrezkoa dela ohartarazi nahi du Baztango Udalak. Baimenak bailarako Nafarroako Gobernuko mendizainei edo Elizondoko Nekazaritza Ganbaran eskatzen ahal dira.

Bertzalde, mendiko suak segurtasunarekin egin ahal izateko, Nafarroako suhiltzaileen artean EPRIF taldea osatzeko mozioa onartu eta eskaria egin zion gobernuari Baztango Udalak 2018ko uztailean. Eskari horretan ere EPRIF taldeak langilez eta baliabidez behar bezala hornitzeko erraten zen. Alta, eskariak ez du inongo erantzunik izan, hortaz, Baztango udal gobernua osatzen duten alderdiek mozioa berriz aurkeztuko dute eta Nafarroako Gobernuari bilkura eskatuko diote.

 

Azaroaren 22a mintzaldia antolatu du Baztango Udalak

Modu berean, mendiko suei buruz dagoen eztabaida dela-eta, azaroaren 22an mintzaldia antolatu du Baztango Udalak. Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzaileak, Iker Elosegik, elkarte honek aurtengo udan argitaratu duen txostena aurkeztuko du. Mendiko suak. Gerorik gabeko iraganeko ohitura bat? Mendia iraunkorki kudeatzeko tresna bat izenburua du liburuxka, bereziki Ipar Euskal Herriko egoera sakon aztertzen duena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun