Denboraldi berriari ekin dio Baztandarra Txirrindulari Elkarteak

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 3a, 12:00
Baztandarra Txirrindulari Elkarteko gaztetxo batzuk konpetitzen ere hasiak dira.

Asteartero 60 neska-mutiko elkartzen dira Lekarozen eta batzuk konpetizioan ere hasiak dira

Azken hilabeteotan arrakastatsuak izan dira Bidasoaldean egin diren txirrindulari gaztetxoen topaketak. Baztandarra Txirrindulari Elkarteak Lekarozko kanpusean asteartero eskaintzen ditu entrenamenduak eta udazkenean ere lan horretan segituko dute. 60 bat neska-mutiko elkartzen dira. Haur horietako batzuk, gainera, Open Diario de Navarra BTT lehiaketan parte hartzen hasiak dira.

Joan den igandean, lehiaketa honetako bigarren proba puntuagarria jokatu zen. Iturengo Asier eta Ander Telletxea anaiek eta Arizkungo Julen Valerrek debuta egin zuten eta beraiekin batera, lehendik ere esperientzia bazuen Iratxe Ibañez iruritarra ere ibili zen. Alebinetan, hamahirugarren postuan sailkatu zen Ander Telletxea. Oihan Aleman eta Oier Ibañez iruritarrak 19. eta 21. postuetan sailkatu ziren.

Infantiletan, Ivan Villoria iruritarra seigarren izan zen sprintean eta Eneit Bertiz sunbildarra bederatzigarren. Ivan Villoria hirugarren da Openeko sailkapen orokorrean.

Denboraldi berrirako lanean ari den Baztandarra Txirrindulari Elkartea eta zenbait babesleren laguntza lortu ondotik, taldeki ekipazio berriak egiten ari dira. Elizondoko Malmöenea estudioko Juan Angel Perotxenak egin du diseinua, musutruk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun