Adinekoen Zaintza Plana egin du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko urr. 2a, 18:00
Joseba Otondo alkatea, Florentino Goñi eta Marijo Garmendia zinegotzien artean, Adinekoen Zaintza Planaren berri ematen.

Baztango populazioaren %23,1ek, 1.783 bizilagunek, 65 urte baino gehiago du

 

Adinekoen egoerari buruzko ikerketa onartu berria du Baztango Udalak. Ikerketak oraingo eta geroko azterketa sakona egin du eta bailarako jendeen zaintza hobetzeko 23 neurri zehatz proposatu ditu. Gainera, Franzisko Joakin Iriarte zahar etxea berritzeko ingurunea zehaztu du, urriaren 2an egindako agerraldian.

Ikerketaren helburua bailarako adinekoak artatzeko irismen estrategikoa duen politika publikoa abiaraztea da. Hala, gaur egungo egoera zorrotz aztertuz eta geroari begirako azterlana eginez, adinekoen ongizatea hobetuko duten ekintza nagusiak diseinatu ditu planak, hiru helburu nagusirekin: kopuruz Baztango biztanleriara egokitutako zerbitzu batzuk ezartzea; hirugarren adinekoendako zerbitzu publikoen kalitatea hobetzea eta, azkenik, ahal bezain luze etxean, ohiko ingurunean, egoteko bidea ematea adinekoei.

Gainera, arestian aipatu den bezala, Elizondoko Franzisko Joakin Iriarte zahar etxea berritzeko testuingurua finkatu du. Horrela, berriki, zahar etxearen erreforma idatzi aitzineko dokumentua egitea Arcinnova aholkularitzari eman dio Baztango Udalak. Lan horren aurrekontua 9.500 euro + BEZ da. Txosten horrek zahar etxeko erabiltzaileen tipologia zehaztu beharko du, arreta eredua finkatu, langileen plantilla orain eta gerora aztertu eta, erresidentziaren ezaugarri arkitektonikoak ikertu berritzea nola baldintzatuko duten jakiteko.

Adinekoen Zaintza Plana

Hirugarren adinekoen ikerketa udalaren webgunean www.baztan.eus eskuragarri dago. Diagnostikoaren alderdian heldu denez, Baztango populazioaren %23,1 ak, 65 urte baino gehiago du, denera 1.783 biztanle (horietarik 999 emazteki eta 783 gizonki); Nafarroako banaz bertzekoa %18,93koa da. Modu berean, baztandarren %8,3ak, hau da 643 biztanlek, 80 urte baino gehiago ditu (414 emazteki eta 229 gizonki). Aipatzekoa da 80 urtez goitiko herritarrak direla menpekotasun maila handiena dutenak.

Bertzalde, zahar etxeak 155 toki eskaintzen ditu, eta banaz bertzeko betetzea 145ekoa da. %95ak 65 urte edo gehiago du. Zahar etxeko erabiltzaileen %20ak 90 urte edo gehiago du eta %62,63 emaztekiak dira eta %38,36 gizonkiak. Erabiltzaileen jatorriari buruz %60 Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdikoa da, Baztan aldeko oinarrizko gizarte zerbitzuaren eremukoa. Gainerakoei buruz aipagarria da gehienak ez direla Bidasoaldekoak, bertze eskualdetakoak baizik.

Ikerketak ere menpekotasuna duten pertsonak aztertu ditu. Denera 193 dira eta adinka sailkatuta 95 urtetik gorakoen %64,5ak menpekotasunen bat duela ikusi daiteke (moderatua, larria edo mendekotasun handikoa); 80 eta 94 urte dutenen %13,6ak eta 65-79 urte artean dutenen %3,1ak. Emazteki eta gizonkien artean ia ez dago alderik. Mendekotasun maila ezberdina duten adineko herritarrek eta mendekotasunik ez dutenek Etxez etxeko zerbitzua, eguneko egoitza eta zahar etxearen zerbitzua eskatzen dute.

2017. urtean 38 herritarrek Etxez etxeko zerbitzua erabili zuten eta erresidentzia zerbitzua eskatu duten 87 herritarrek Elizondoko Joakin Iriarten tokia izan dute. Horietarik %32,2 65-79 urte artean du eta %67,8k 80 urte edo gehiago. Aipagarria da erabiltzaileen %31ak ez duela inongo menpekotasunik aitortuta.

Geroaldiko proiekzioei buruz Baztango oraingo biztanleak eta INEk Nafarroari buruz egin dituen estimazioak kontuan hartu dira. Horrela, 2031. Urterako 65 urtez gorakoak 2.380 pertsona izanen direla aurrikusten da, gaur egun 1.867 dira. Modu berean 90 urte edo gehiago izanen dutenak 187 izanen dira, gaur egun 146 dira. Halaber, epealdi horretarako proiekzioek erraten dute menpekotasuna duten jendeak 173tik 231ra iganen direla.

Ikerketak egin dituen proiekzio desberdinen arabera, 2.028an erresidentzia zerbitzua beharko duten baztandarrak 61-101 artean izanen dira; eguneko egoitzaren eskatzaileak 21-30 artean eta Etxez etxeko erabiltzaileak 29-40 artean.

Diagnostikoaren atalaz gain, ikerketak hiru helburu nagusi dituen ekintza plana du. Dagoeneko aipatu direnez: 1) kopuruz Baztango biztanleriara egokitutako zerbitzu batzuk ezartzea; 2) hirugarren adinekoendako zerbitzu publikoen kalitatea hobetzea eta, azkenik, 3) ahal bezain luze etxean, ohiko ingurunean, egoteko bidea ematea adinekoei. Ekintza planean bildutako 23 ekintzak ondoko lau urteetarako tenporalizaturik heldu dira eta horien betetze maila neurtzeko indikatzaileak ere zehaztu dira. Modu berean, ikerketak ezartzen duenaren haritik, heldu den astean Franzisko Joakin Iriarte zahar etxearen berrikuntza zehazteko gogoeta hasiko du udalak. Modu berean, ikerketa planari segiz, udaletxeko gizarte zerbitzuak Etxez etxeko kalitate indikatzaileetan eta asebetetze inkestetan lanean ari dira. Baita zerbitzuko prozesuen dokumentazio eta homegeneizazioan ere. Gainerako ekintzak eta horiek egiteko egutegia udalaren webgunean ikusten ahal dira.

 

 

Erlazionatuak

Joseba Otondo-Baztango Alkatea

Xorroxin irratia 2019 urr 03 Baztan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun