Pepe Fernandez D’Arlas zena gogoratu dute Belaten

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 1a, 18:00

Baztango Santiago Bidearen Elkarteko presidentearen omenez bildu ziren irailaren 28an

 

Joan den uztailean hil zen Pepe Fernandez D’Arlas, Baztango Santiago Bidearen Elkarteko presidentea zena. Hura gogoan, irailaren 28an bildu ziren Belateko Santiago baselizan meza aditzera. Duela urte batzuk zaharberritu zuen baseliza elkarteak, Fernandez D’Arlas presidente zela.

Mezan, bai apaizek, baita Luis Aiciondo eta Bernardette Mihura elkarteko kideek hitz politak eskaini zizkioten omenduari. Hainbat lagun bildu ziren Belaten. Meza akitutakoan ere, baseliza atarian solasean eta argazkiak ikusten aritu ziren. Gero, Almandozko Beola jatetxera joan ziren bazkaltzera. Bazkalondoan, Cristina Arregik, Baztango Santiago Bideko Elkarteko presidente berriak hartu zuen hitza, bere aitzinekoari eskerrak emateko eta gogoratzeko. Ondotik, Belateko Santiago baseliza agertzen den koadro bat oparitu zioten familiari. Koadroa harrian zizelkatu du Cesario Soulek, Pepe Fernandez D’arlasen lagun, bazkide eta laguntzaileak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun