Europako Nekazaritza Politika Bateratuari buruz aritzeko 70 lagun baino gehiago elkartu ziren irailaren 27an Elizondon egindako EHUren udako ikastaroan. Baztango Udalaren eta Etxalde mugimenduaren parte hartzearekin Europako Batasuneko politika publiko garrantzitsuenetako bati buruz gogoeta egin zuten Euskal Herri osotik etorritako jendeek. Horretarako, egun osoko egitarau mamitsua izan zuten, unibertsitateko irakasleen hitzaldiak, nekazarien sindikatuetako ordezkariekin mahai-ingurua…
Elikadura iraunkorrari buruzko nazioarteko adituen taldeko Francesco Ajenaren parte hartzea ere aipagarria da. Bruselasetik IPES-FOODek Nekazaritza Elikadura Bateratuari buruz egin duen proposamena aurkeztera etorri baitzen. Nekazaritza Politika Bateratuak urtero 60.000 milioi euroko aurrekontua du, Europako aurrekontuaren %38. Baztanen, adibidez, urtero 4 milioi euro inguru banatzen dira. Hala ere lehen sektoreak eta landa eremuek gainbehera segitzen dute. Horri buruz gogoeta egin zuten Elizondon eta momentu honetan 2021-2027 urteetarako negoziatzen ari diren Nekazaritza Politika Bateratu berriari buruz ere bai.
Ikastarora etorritakoek Baztango Zaporeakek bertako produktuekin emandako otamena dastatu ahal izan zuten. Modu berean, bazkaria tokiko elikagai agroekologikoen egin zen.