‘Zauria(k)’ dokumentalarekin abiatuko da Baztango Talde Feministaren ‘Feminikasten’ ekimena

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 25a, 08:30
Bederatzi emakumeren* errealitateak barne hartzen ditu 'Zauria(k)' dokumentalak.

Irailaren 27an, ortziralean 19:00etan eskainiko dute emanaldia Arizkunenean

Baztango Talde Feministak «bizitza antiojo moreekin ikusten ikasteko» Feminikasten ekimena antolatu du aurten ere. Hiruhileko honetan, hilero solasaldi, proiekzio, tailer edo erakusketa bat izanen dute Baztanen. Irailaren 27an, ortziralean 19:00etan, izanen dute lehendabiziko hitzordua, Baztango Gaztetxean. Zauria(k) Eromena-Gorputza-Feminismoa dokumentalaren inguruan aurkezpena, proiekzioa eta solasaldia izanen dute Arizkunenea Kultur Etxean.

Zauria(k) proiektua aurkeztera etorriko dira egileak. Eromena, ezinegona eta osasun mentala ikuspegi feminista batetik lantzen duen dokumentala da, sufrimendu psikosoziala eta genero bizipenak urtartzen eta bederatzi emakumeren* errealitateak barne hartzen dituena.

 

Urriaren 19an tailerra

Hurrengo hitzordua autodefentsa tailerra izanen dute, Emaginen eskutik. Urriaren 19an, hirugarren larunbatean, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean bilduko dira, goizez zein arratsaldez, 10:00etan eta 16:00etan zehazki. Parte-hartu nahi dutenek aitzinetik izena eman beharko dute baztangohaizefeminista@gmail.com helbidera idatziz.

 

Azaroan hitzaldia

Azken saio azaroaren 15ean izanen dute. 'Euskara eta feminismoa: genealogiatik egungo erronketara' hitzaldiaren bueltan bilduko dira. Saioa Iraola izanen da hizlari eta 19:00etan Baztango Gaztetxean bilduko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun