Pakita Otxotorenak 101 urteak handizki ospatu dituzte Almandozen

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 23a, 18:00

Herriko abesbatzak kantatu dio larunbat goizean, eta luntxa eta oroigarriak ere izan dituzte

1918ko irailaren 21ean sortu zen Almandozko Pakita Otxotorena Borges, Belateko bidean dagoen Kamineroen kasetan. Ehun eta bat urte beranduago Almandozen segitzen du eta urtebetetze besta bere hiru semerekin, sei bilobekin eta lau birbilobekin ospatu du larunbatean.

Joan den urteko ospakizunaren ildotik, larunbat goizean Almandozko abesbatzak kanta batzuk eskaini zizkion, luntxa hartu zuten eta oroigarriak eta lore-sorta ere eman zizkioten Pakitari eta bazkari batean bildu zen senideekin.

Kamineroen kasetatik Eskaseneara aldatu zen bere familia, ttikia zenean. Gaur egun bi etxeak desagertuak daude. Perotxeneko Juan Oskoz Iñarrearekin ezkondu zen 1950ean eta arestian aipatutako hiru semeak izan zituen. Gaur egun, Almandozen, Elizondon eta Oiartzunen bizi dira, baina ez dute hutsik egin irailaren 21eko ospakizunean.

Indartsu eta osasuntsu dabil Pakita, aunitz urtez!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun