Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko eskola ttikien besta Amaiurren ospatuko dute irailaren 29an

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 25a, 12:00
Joan den urtean Lekarozen egin zuten Baztan-Urdazubi-Zugarramurdiko eskola ttikien besta.

Ibilaldia, ikuskizuna, bazkari autogestionatua, jokoak... izanen dituzte

Ttikiak bezain biziak direlako, Baztango eskola ttikien eguna izanen dute irailaren 29an, hondarreko igandean. Aurten  Amaiurren bilduko dira. Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango herrietako eskolek, elkarlanean, egun osoko hitzordua antolatu dute.

 

 

Ibilaldia eta ikuskizuna goizean

Igandean 10:00etan hasiko dute besta. Bertaratzen direnei harrera egin ondotik, 10:30ean, ibilbideetara joko dute. Bi aukera eskainiko dituzte: luzea (bi ordutan egitekoa); eta laburra, 45 minutukoa. Hiru eta zazpi urte bitarteko gaztetxoek, atseden hartu bitartean, Amaia Elizagoienek eskainitako ikuskizunaz gozatzeko aukera izanen dute. Eguraldia lagun bada, Erdiko bideko Gezemendiko bordalean izanen da emanaldia; euria egiten badu, berriz, Otsondo elkartean.

 

Zozketak eta jolasak

Eguerdian, 13:00etan frontoira joko dute eta bazkari autogestionatua izanen dute. Segidan, zozketa eginen dute. Arratsaldean, ez dute atsedenerako tarterik izanen. Hamaika aukera izanen dituzte: puzgarrietan saltoka ibiliko dira batzuk, zurezko jolasekin bertzeak. Eskalada probatzeko edo zaldian ibiltzeko modua ere izanen dute. Eguna herri-kirol saioarekin akituko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun