«Errusian munduko lanbide heziketa olinpiadak jokatu ditut»

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 22a, 11:00

Oier Neol arizkundarra.

Oier NEOL BURLADA arizkundarra

Gustuko tokian, nekerik ez dagoelako, astegunez zurgintza ikasten eta denbora librean etxekoen tailerrean, «bazterrak nahasten», pasatzen ditu egunak Oier Neolek (Arizkun, 2001). 

Gazterik ezagutu zuen ogibidea, eta berehala lotu zitzaion lanari: «ttikitatik aitarekin han ibili izan naiz». Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak akituta, aukeratu beharrak ez zion buruhauste handirik eragin. Nahiak gidatu zuen bidea: «Lanbide Heziketara joan nintzen eta gustuko nuena aukeratu nuen: zurgintza».

Ez dago gogotsu lan egitea bezalakorik, eta hori adierazten du arizkundar gazteak orain artean egin duen ibilbideak. Hasi orduko, ikastetxean bertan jokatu zituzten Nafarroako Olinpiadak irabazi zituen. Horri esker, estatu mailako txapelketara sailkatu zen: «martxoan jokatu genuen Madrilen, hiru egunez. Komunitate bakoitzeko irabazleak bildu ginen, 15 lagun inguru. Gure mailan zailtasun gehien ematen dioten lana egin behar izan genuen: ate kurbatu bat eta aulki bat». Urtebetez asteazkenero buru-belarri prestatzen arituagatik, «kasu horretan ez nuen inondik inora irabaztea espero, azken batean komunitate bakoitzeko hoberenak nituen aurkari».

«Gainerako herrialdeetan Lanbide Heziketari ematen dioten garrantzia izugarria da»

Ateak eginez eta ateak irekiz, 18 urte bertzerik ez dituela, munduko txapelketan parte hartzeko aukera lortu zuen Neolek: «abuztuan bederatzi egunez Kazanen (Errusia) jokatu genuen». Bertako «maila eta prestaketa izugarria» izanagatik, bere buruarekin «arras kontent» itzuli da: «gazteena izanik, nire helburua lana akitzea zen eta hori lortu nuen».  Esperientzia «arras aberasgarria» izan da: «ingurukoengandik ikasteko aukera izan dut. Aukera duten guztiei joateko eta gozatzeko erranen nieke». Kazandik jendeak egiten duen prestaketa-lan izugarria gogoan itzuli da, «harrigarria delako». Baina, era berean, ilusioa berpiztu zaio: «gainerako herrialdeetan Lanbide Heziketari ematen dieten garrantzia ikustea ederra da». Hori horrela, «momentuz behintzat» Lanbide Heziketan segituko du.

Orain artean «erremintak erabiltzen» ikasten aritu da eta goi-mailan «diseinu kontuak» landuko ditu. Bien bitartean, heldu den urtean jokatuko duen Europako txapelketa prestatuko du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun