Baztandar sentimendua eta informatikako ezagutzak uztartuz, 1999an Jaime Biguriaren ekimenez sortu zen valledebaztan.com ataria. Hasmentan «Baztani buruzko informazioa biltzen zuen atari pertsonala» zena, «hiru lagunen proiektu profesionala» da gaur egun.
Etxeko uzta bilduz ekin zuen bidea Biguriak: «nire argazkiak eta lagunen informazioa erabili nituen iturri gisa». Istorio eta bitxikeriak, berriz, «aitari» zor dizkio: «horiek guztiak biltzea izan zen abiapuntua».
«Atariak azken urte honetan 235.000 bisita izan ditu»
Ondotik, 2012an, «Edurne programazio lanetan hasi zenean», bertze pauso bat eman zuten: «webgune profesionala izatera pasa ginen, edukiz hornitu, itxuraberritu eta egungo teknologietara egokitu genuen». Gehiago ere bada: «turistei begira, ostatuei, jatetxeei, jarduerei... buruzko informazio zehatza sartu genuen, baita Baztango argazkiak eta bideoak ere». Baliabideak garatu ahala, webgunearen erabiltzaile kopuruak goiti egin du: «azken urtean 235.000 inguru izan ditugu».
Informazio eguneratua eskura
Arrakastaren gibelean lan-talde eraginkorra dago, «informazioa eguneratu eta sare sozialetan hedatzen» diharduena. Are gehiago, lan komertzialaz arduratzen den taldekideak, Joxe Marik, «behar dutenei telefonoz, postaz edo Whatsappez laguntza turistikoa» eskaintzen die eta horrek guztiak ataria eta zerbitzua aberasten du.
Egindako ibilbidearekin eta lortutako emaitzekin «kontent» eta erronka berrietarako «gogotsu» daude: «momentuz Whatsapp- eta online-erreserbekin ari gara. Aldi berean, gure lan etnografiko xumearekin segituko dugu, hori izan baita hasmentako filosofia».