Laugarren urtez segidan Oizek irabazi du gazte mailako laxoa txapelketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko ira. 16a, 10:30
Lehenbiziko postuetan sailkatutako lau taldeak, antolatzaile, agintari eta sari-emaileekin. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Irailaren 14an Iruritan jokatutako finalean 9-3 irabazi zion Doneztebe Bri

Laugarren urtez segidan Oizek jantzi du Baztan-Errekako gazte mailako laxoa txapelketako txapela. Irailaren 14an Iruritan jokatutako finalean 9-3 irabazi zion Doneztebe Bri.

Oizko taldean Xuban Illarregi, Mikel Mikelarena, Aimar Ariztegi eta Uxue Illarregi, txapelketako neska bakarra aritu ziren eta erraz irabazi zieten Doneztebe Bko David Mitxeo, Urko Oiarzabal, Erik Garcia eta Eneko Maylin-i.

Aitzinetik, hirugarren posturako lehia jokatu zuten. Hau finala baino estuagoa izan zen eta etxekoek, Irurita Bk (Jon Sagaseta, Hodei Aleman Aritz Bikondo eta Julen Urreaga), 9-7 irabazi zieten Doneztebe Cri (Oier Apezetxea, Markel Jabalera, Ander Ruiz eta Julen Pikabea. Malerrekakoak 5-7 irabazten izan ziren.

Sari banaketan, Laxoa Elkarteko ordezkariekin batera, Oihane Prim Iruritako alkatea eta Jesus Mari Porron, Nafarroako Pilota Elkarteko presidente ordea izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun