«Urtez urte txopoa goratu dugun baztandar bakarrak gara»

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 8a, 10:00
Pello Alberro, elbetearra.

Elbeten «sortu eta bizi» da Pello Alberro. Herrian bizi izateaz haraindi, herriarentzat lan egina ere bada: «orain dela sei urte, lau urtez alkaterik gabe egon ondotik, zazpi bat lagun elkartu eta taldea osatu genuen. Alkate izan nintzen, bi urtez». 

Orain alkatetzatik aske da/bilen arren, taldean segitzen du: «denon artean egiten dugu lana baina ez dut herriaren hitza Udalera eta Udalarena herrira bideratzeko ardurarik». Bitartekaritza hori alde batera uztea «kristoren lasaitasuna» izan da berarendako. Dena dela, ez da damutu egindako lanaz, are gehiago, «aberasgarria» izan zaiola nabarmendu du: «bailarari, herriari eta udal-ordenantzei buruz aunitz ikasten da».

Taldean sartu aitzinetik ere atxikimendua izan du herrian: «bestak antolatzen 15 bat urtez ibili izan naiz». Hasierako urtetan «hiruzpalau lagunek» antolatzen bazuten ere, gerora taldea handitzea lortu zuten: «denen artean aiseago moldatzen ginen: ostatua paratu, zozketa-txartelak saldu eta etxez etxe eskatuz antolatzen genuen ahal zena, eta gaur egun ere halaxe egiten da». 30 urte zituela utzi zuen taldea, «ondokoek hartu zuten erreleboa».

Dena dela, bestarako lekukoa ez du guztiz utzia: «oraindik ere ateratzen naiz». Bezperako «txopo goratzea» da gehien gustatzen zaiona: «hori ez da galtzen ahal». Ez da harritzekoa horrek berarendako duen erranahia: «15 urte ingururekin hasi nintzen goratzen eta joan den urtean utzi nuen, 39rekin».

Plaza bazterretik baina bistatik galdu gabe bizi du momentua: «laguntzen aritu ginen joan den urtean, eta heldu direnek martxa hartu arte hor egonen gara». Ardurarik gabe, baina laguntzeko prest ibiltzen da orain: «bazterretik esku bat behar delarik eman egiten dugu, zikiroan mahaiak paratzen edo zerbitzatzen...». Egun horrek hartu duen indarra nabarmendu du: «orain artean 100 lagun inguru biltzen ginen eta joan den urtean Elizondotik jendea etorri zen eta 160 bat bildu ginen, frontoia lepo bete zen».

Batzuk indartu eta bertzeak galdu: «denborak berak aginduta, aldaketak gertatu dira eta aizkora apustuak orain ez dira egiten». Baina bada horrek baino pena handiagoa eragiten dion aldaketa bat: «herritarrek ez dute bestetan jai eskatzen». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun