Herri arteko txirrindulari gazteen topaketa igandean Anizen

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 5a, 07:00
Donezteben egin zuten aurreko herri arteko txirrindulari gazteen topaketa.

Eskualdeko txirrindulari gazteek aurtengo bosgarren hitzordua izanen dute igandean Anizen. Aitzinetik, Lesaka, Irurita, Bera eta Donezteben bildu dira. Izen-ematea egunean berean izanen da 16:00etan eta ordubete beranduago, 17:00etan hasiko dira itzuliak. Parte-hartzaileak adinaren arabera bortz kategoriatan banatuta ariko dira. Bukaeran sariak zozketatuko dituzte.

Aipatzekoa da, apirilean hasi zela berriz ere martxan Baztandarra Txirrindulari taldea. Anizko zazpi haur ari dira taldean eta erakustunetako bat ere, Iñaki Zelaieta, aniztarra da. Igandeko hitzorduan, eskualdeko herrietako gaztetxoekin batera bizikletan ibiltzeko aukera izanen dute guztiek.

Urdazubin irailaren 14an

Hurrengo larunbatean, irailaren 14an, 16:00etan Urdazubik hartuko du lekukoa. 17:00etan hasiko da topaketa baina aitzinetik, 16:00etan, irekiko da izen-ematea. Topaketaren ondoren partaide guztien artean zozketak eginen dituzte: jokoak, ur bidoiak, janari-poltsak, toallak, kamisetak...

Horrez gain, hiru topaketa edo gehiagotan parte hartu dutenek sari potoloak eskuratzeko aukera izanen dute. Izan ere, hiru bizikleta eta Irrisarri parkerako 18 sarrera zozketatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun