Irailaren 2an akituko da Baztango Udalak norbanakoentzat eta familientzat onartutako dirulaguntzak eskatzeko epea

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 29a, 11:30

Gastu bereziak ordaintzeko nahiko baliabiderik ez duten pertsona edo familientzako da

Guttienez sei hilabete lehenagotik Baztanen erroldatua dauden 18 urtetik goitikoek eskatzen ahal dute. Baldintza horiek betetzen ez dituzten eskaerak, salbuespen gisa, aitzinetik Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak egindako txostenarekin baino ez dira onartuko.

Deialdiaren helburua unean uneko behar egoerak prebenitzea, saihestea edo arintzea da eta dirulaguntza eskatzeko bertze baldintzetako bat aitzinetik zehaztutako baliabide ekonomikoak ez gainditzea izanen da: familian, kide bakarra denean, hilabetean gehienez 1.255 euroko diru-sarrera dutenek eskatzen ahalko dute dirulaguntza; familian bi direnean, gehienez diru-sarrera 1.506 eurokoa dutenek eskatzen ahalko dute; hiru kide diren kasuan, gehienez 1.631 euroko diru-sarrera; lau kide direnean 1.757 eurokoa; bortz badira 1.882 eurokoa eta sei edo gehiago direnean, diru-sarrera gehienez 2.008 eurokoa dutenek eskatzen ahalko dute laguntza.

Horrez gain, Udalarekiko eginbehar guztiak eguneratuak izan beharko dituzte eta ohiko erabilerarako etxebizitzatik aparte, bertze ondasun higigarri eta higiezinen jabe direnek ere ezin izanen dute eskatu. Familia-unitateko kide guztien ondasun higigarriak ezin dira izan 4.680 euro baino handiagoak.

Familia-unitate bakoitzeko, gehienez urtean, 3.000 eurokoa izanen da laguntza eta eskaerak aurkezteko epea irailaren 2an akituko da. Ikusi hemen deialdiaren xehetasun gehiago.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun