Ortzirale eguerdian botako duten txupinazoarekin hasiko dira Arraiozko bestak

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 28a, 07:30

Astelehena bitarte haur, gazte eta helduendako hainbat ekitaldi prestatu dituzte

Ortziraleko protagonista nagusiak haurrak izanen dira; larunbatean, bertzeak bertze, herriko kantari ttiki eta gaztetxoek emanaldia eskainiko dute eta patata tortilla eta postre lehiaketak eginen dituzte. Igandean, dantzarien saioaz gozatzeko aukera izanen da eta astelehenean, zikiro jatearekin borobilduko dituzte bestak.

Abuztuak 30, ortziralea
12:00etan txupinazoa botako dute eta segidan txistulariak bazterrak girotzen hasiko dira. Bestetako murala ere orduan margotuko dute eta haurrek jokoak ere izanen dituzte. 14:00etan haurren bazkaria eginen dute eta 16:00etan puzgarriak, jolas txokoak eta apar besta antolatu dituzte. Ondotik txokolatea izanen dute. 19:00etan laxoa-plazatik abiatuta itzulia eginen dute herrian barna Elutxa txarangarekin. 20:30ean mutil-dantzak dantzatu ondotik, 21:30ean Baztan zopak jateko aukera izanen dute Elutxa txarangak girotuta. 00:30etik aitzinera, berriz, Oharkabe taldea ariko da.

Abuztuak 31, larunbata
10:00etan argi-soinuak izanen dituzte eta 11:00etan karta-jokoetan aritu ondotik, hamaiketakoa eginen dute Mardean. 11:30ean haurrak arrainak harrapatzen ibiliko dira Mardeako labaderoan. 17:00etan mus txapelketa jokatuko dute Arizti Elkartean eta horretarako 16:30ean izena eman beharko dute. 18:00etan herriko kantari ttiki eta gaztetxoek emanaldia eskainiko dute eta ondotik patata tortilla eta postre lehiaketak eginen dituzte. Segidan horiek dastatzeko aukera izanen da. 20:00etan dantzaldia izanen da Hauspolariek taldearen eskutik.  00:00etatik aitzinera kontzertuak antolatu dituzte eta Endara DJa ere ariko da.

Irailak 1, igandea
10:00etako argi-soinuen ondotik, 12:00etan erraldoiekin itzulia eginen dute laxoa-plazatik abiatuta. 18:00etan herriko dantzari ttiki eta gaztetxoek emanaldia eskainiko dute eta 19:00etan Txamukos taldearen mariatxi doinuekin gozatzeko aukera izanen dute.

Irailak 2, astelehena
12:00etan haurrendako jokoak eginen dituzte eta eguerdian, zikiro jatea eginen dute Hauspolariek taldeak girotuta. 20:00etan dantzaldia eskainiko du talde berak eta 00:00etan bestak akitzeko Gaixoak gu kantatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun