Baztango Udalak Agroekologiaren aldeko hirien sarean parte hartuko duela erabaki du

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 24a, 09:30
Elikadura osasuntsuari buruz eta nekazaritza herrikoi eta iraunkorrari buruz eman dituen pausoen segidan heldu da erabakia. Argazkian Baztango Zaporeak, aurkezpenean.

Ekintza-planak abiatzeko, tresna egokiak garatzeko eta behar bezalako ideiak eraikitzeko konpromisoa hartu du Udalak

Abuztuaren 22an egindako osoko bilkuran, Baztango Udalak EHBilduren, Ezkerraren eta Geroa Bairen Agroekologiaren aldeko hirien sarean parte hartzeko erabakia hartu zuen, EH Bilduk proposaturik.

Agroekologiaren aldeko hirien sarea 2018. urtean Estatuan sortutako elkartea da, elikadura iraunkorra eta osasuntsua eta elikadura sektorean kalitatezko lanarekin konpromisoa duten toki entitateak antolatzeko. Epealdi labur horretan Estatuan eta Europan elikadura politika iraunkorrei buruzko erreferentean bihurtu da elkartea.

Azkeneko urteetan Baztango Udalak elikadura osasuntsuari buruz eta nekazaritza herrikoi eta iraunkorrari buruz eman dituen pausoen segidan heldu da erabakia, orain artiokoak indartzeko eta bide berean ari diren bertze udalekin elkarlanean bidean sakontzeko.

Elkarteak egituraketa bat ezarri nahi du tokian tokiko elikadura-sistemak eraiki nahi dituzten udalerrien artean; betiere ingurumena errespetatuko duten sistema jasangarriak, barneratzaileak, erresilienteak, seguruak eta dibertsifikatuak bultzatzeko, jende guztiari janari osasungarria, jasangarria eta irisgarria ziurtatuko diotena, eta gainera, tokiko enplegua bultzatuko dutena, Agroekologiaren eta Elikadura Burujabetasunaren ikuspegiekin bat.

Horrela, Agroekologiaren aldeko hirien sarean parte hartzeko erabakiarekin, elkartearen sorrera agirian heldu diren gogoetei jarraiki ekintza-planak abiarazteko konpromisoa hartzen du udalak, neurri zehatz eta berezkoen bitartez; konpromisoa, halaber, tresna egokiak garatzeko, neurriak bete ote diren ikusi eta ebaluatze aldera, eta konpromisoa, azkenik, behar bezalako ideiak eraikitzeko, plan horiei kohesioa eta etorkizunerako proiekzioa emate aldera, honako alderdiotan bederen:

1. Aintzat hartu behar dira bai nekazaritza periurbanoa bai hiria-landa harremanak, eta aintzat hartu ere nekazarien lanbide, ekologia eta gizarte arloko jarduera gizartean, ekonomian, politikan eta administrazioan, nekazarien aldeko politika publikoak bultzatuta, ikerketa, hedapen eta prestakuntza agroekologikoak sustatuko dituzten politikak barne.

2.- Lur emankorra eta lan agronomiko onak zaindu behar dira, ingurune urbanoen eta periurbanoen ekoizpen-gaitasuna berreskuratzeko, betiere ikuspegi agroekologikoarekin bat, behar bezalako figurak eta prozesuak abian jarrita, ekoizpen-ekimenek lurra eskuratzeko modua izan dezaten, abeltzaintza eta nekazaritza ekologikora bideratzeko, bereziki gazte eta emakumeen artean.
 
3.- Tokian tokiko merkaturatzea, hurbileko nekazaritza ekologikoa bultzatzeko, zirkuitu laburretan oinarritua, baliabide publikoak erraztuta (materialak nahiz immaterialak) eta baliabide pribatuak xede berbererako mugiarazita, betiere arreta berezia merkaturatze-esparruetan paratuta (merkatuak, dendak, jatetxeak, etab.), bai eta erosketa publiko jasangarriko prozesuetan ere.

4.- Gizartea sentsibilizatzea, informazio eta komunikazio programak garatze aldera, nekazaritza-lanaren balorazioa areagotzeko eta agroekologian oinarrituriko kontsumo-ereduaren onurak handitzeko, eta era berean, nekazaritzako paisaia eta kultur ondarea gehiago baloratzeko.
 
5.- Udal kudeaketa eta gobernantza, administrazioko departamentuen eta mailen arteko koordinaziorako, Hiria-Eskualdeko Elikadura Sistema Jasangarriak sustatuta, eta berariazko entitate publikoak sortuta elikadura politikak bultzatzeko; udal baliabideak eta araudiak berrikusi eta egokitzeko, tokiko elikadura-sistema justuak eta jasangarriak sustatze aldera; eta administrazioak eragile aunitzeko eta maila aunitzeko partaidetza-prozesuak bultzatzeko, ikuspegi agroekologikoarekin bat datozen organo kolegiatuak, hiri-estrategiak eta lurralde-politikak garatze aldera.  

6.- Hirien sareen egituraketa eta hedapena, Milango Itunak Hiriko Elikadura Politikei buruz darabilen Ekintza Esparrutik abiatuta; eta aurrerapenen jarraipena eta monitorizazioa egiteko adierazleak eta sistemak garatzea; tokiko aurrerapenak beste hiriekin partekatzeko eta estatuan nahiz nazioartean diren antzeko beste sareekin lankidetzan aritzeko.

Aipatu elkartean Baztango Udalaren ordezkaria Joseba Otondo Bikondoa alkatea izanen da. Udalak, halaber, elkartean parte hartzeagatik urtero 250 euroko kuota ordaindu beharko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun