«Ez da entzierroan laster egin dudan lehendabiziko aldia, baina aurtengoaz ez naiz oroitzen»

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 22a, 09:47
Luis Urrutiak hobera egin du nabarmen. Argazkia: utzitakoa.

Luis URRUTIA IÑARREA Tafallako entzierroan zauritutako elbetearra

Tafallako bestetako bigarren entzierroan, abuztuaren 17an, larri zauritua izan zen Luis Urrutia. Astebete eskas pasa da oraindik eta elbetear gazteak hobera egin du nabarmen. Orain Nafarroako Ospitaleko Neurokirurgia solairuan dago.

Gazteak Diario de Navarrari kontatu dionez, ez du «deus» oroitzen eta gorputz osoan ondoeza sumatzeaz gain, zorabioak ere baditu: «oraindik ez naiz gertatutakoaz jabetzen».

Kontatu duenez, bertze hiru lagun eta horietako baten bikotekidearekin joan zen entzierroan laster egitera eta ez zen lehendabiziko aldia: «badira urte batzuk ateratzen naizela eta ez nengoen edanda». Hunkituta dago oraindik eta ez du kolpea oroitzerik izan, ezta lagunak noiz galdu zituen ere.

Kolpearen ondorioz, burezurreko traumatismoa pairatu zuen eta horrek eraginda, konortea galdu zuen. Larrialdietara bidean, anbulantzian, berreskuratu zuen. Orain hobera egin du eta baikor dago. Adierazi digutenez, gaur jasoko du alta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun