Baztango Udalak Amaiurko bisitarien etxea egiteko lanak eman ditu

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 21a, 11:29
Lehendabiziko fasean kooperatiba zaharra urratu eta linea elektrikoa tokiz aldatu behako dute, ingurua eraikuntza fasearekin hasteko prest utziz. Argazkia: Aranzadi.

Amaiurko gazteluaren bisitarien etxeko lehen fasearen lanak Arakan enpresari eman zizkion Baztango Udalak, astelehenean egindako Tokiko Gobernu Batzordean.  Arakanen eskaintza 191.101 eurokoa (BEZ gabe) zen, lizitaziorako aurrekontua, berriz, 199.063,65 eurokoa (BEZ gabe).

Lehendabiziko fase honetan kooperatiba zaharra urratu beharko da, amiantoa duen uralitazko teilatua barne. Bertzalde, linea elektrikoa tokiz aldatu behako da eta ingurua eraikuntza fasearekin hasteko prest utzi.

Lanak egiteko bi hilabeteko epea izanen du, eta beranduenez azaroaren 7rako egin beharko dute. Arakanek egindako eskaintzan lanak epea baino hamabortz egun lehenago egiteko konpromisoa hartu  du; halaber, kontratazio-pleguan paratutako lanen hiru urteko bermeari bertze bi gehitu dizkio.Kontratazioa prozedura sinplifikatu bidez egin da.

Amaiurko gazteluaren bisitarien etxeko lanen lehenbiziko fasea Nafarroako Parlamentuak emandako 250.000 euroko dirulaguntza izendunarekin finantziatuko du Baztango Udalak. Kopuru horrekin ere oraingo lanen zuzendaritza eta koordinazio lanak, 9.132,98 euroko aurrekontua dutenak, ordainduko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun