Billete faltsutan 2.000 euro baino gehiago atzeman dituzte Elizondon

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 20a, 15:09
5, 10 eta 20 euroko 115 billete faltsu atzeman dituzte. Argazkia: utzitakoa.

Benetakoek ez bezalako neurria duten arren, zenbait kasutan erabiliak izan dira

Diario de Noticiasek adierazi duenez, Elizondoko foruzainek 115 billete faltsu atzeman dituzte. Adierazi dutenez, kontrol batean zeudela, foruzainek autoan zihoaztenak urduri zeudela sumatuta, geldiaraztea erabaki zuten.

Autoan 5, 10 eta 20 euroko 115 billete faltsu harrapatu zizkieten, guztira 2.000 euro baino gehiago. Billeteok, begi hutsez begiratuta zalantza sor zezaketen arren, faltsuak ziren eta zenbaitetan benetakoak bezala erabiliak izanak dira. Bidaiariek ez zutenez billete horiek norendako ziren zehazterik izan, eta ondorioz, foruzainek, erabilera saihesteko, bildu egin zituzten. Horrez gain, gidariari drogen proba egin zioten eta positibo eman zuen. Momentuan bertan ordaindu zuen 500 euroko isuna.

Azken egunotan Tafallan ere billete faltsuak erabili dituztela salatu dutenez, Foruzaingoak merkatari nahiz herritarrei adi ibiltzeko deia egin die.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun