Ibilbide Etnografikoak ailegatu dira Baztango paisaiara

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 13a, 18:00
Xanti Altzuguren eta Jasone Astibia, Turismo Bulegoko langileak, eta Xabi Torres Letona, Baztango Udaleko hautetsia.

Baztango Udalak 'Baztango Paisaia Kulturala eta Ondare Etnografikoa Ezagutzeko Ibilbideak' eskuorri eta gida argitaratu du

Baztango Udalak Baztango Paisaia Kulturala eta Ondare Etnografikoa Ezagutzeko Ibilbideak eskuorri eta gida argitaratu du. Egiletza kontzeptuala eta intelektuala JauregiArteko Pello Iriarterena da, eta Arkaitz Muratorik, BaztanTrek ibilbide interpretatuen arduradunak ibilbideak diseinatu eta kalibratu ditu.

Pello Iriartek dionez «edukia duten ibilbideak dira. Baztango egungo geografia sozial eta kulturalaren jatorria gogora ekarriko digute. Kirola, sinismenak, gerra eta jolasak, eraikinak, elur-zuloak, azpilak, burdinolak, bordak, dorreak eta bertze hainbertze interpretaturik biltzen dute. Edukia dute, eta eskola zein bisitarien interesekoak izaten ahal dira, edo asteroko pasiotan ibilbide berriak probatu nahi dituen horrendako. Gure iruditegi kolektiborako eta egunerokorako tresna ttipi bat ere bada».

Arkaitz Muratorik nabarmendu nahi du diseinatutako ibilbideak adin eta sasoi guztietarako pentsatuak direla: 1,5 km ditu laburrenak eta luzeenak 13 km, desnibelak 65 eta 400 m artean kokatzen dira eta ibilbidearen arabera, 45 eta 150 minutuko iraupen bitartekoak daude, erritmo lasaian eginez gero.

Baztango hamabortz herri eta zenbait auzora hedatu nahi izan dugu lan hau, eta aski lan txukun eta sintetizatua argitaratu da. Bertzalde, ibilbideak wikiloc-etik deskargatu daitezke, eta www.valledebaztan.com eta www.baztanturismo.eus web orrietan kontsultatu daitezke. Laster, bertze plataformetan ere.

 

Abuztura bitarteko datuak eta bisitarien ezaugarriak

Turismo bulegoak bisitari fluxuaren zati handi bat bideratzeaz gain, fluxu honen erradiografia egin ahal izateko lagin erranguratsua ematen digu.

Xanti Altzuguren, turismo bulegoko lankideak dionez, uztaila bajuxeagoa izan bada ere, abuztura bitartean bulegoan izan dituzten bisiten kopuru metatua mantendu dela dio (10.076). Azken urteetako datuekin alderatuz: 2016an adibidez, kopuru metatua 9.514 izan zen, 2017an 10.835, eta 2018an 8.813.

Hauek jakinik, abuztu-abendua bitartean kontzentratzen da gehiena. Urteko kopuru guzia kontutan hartuta, Turismo Bulegotik pasatzen den bisitarien %60tik goiti izaten da aldi honetan pasatzen dena. Iraileko datu metatuak uzten duena interesgarri heldu da. Urrian zehar irakurketa sakona egiteko asmoa dago sektoreko eragileekin: alojamenduak, tabernak, bisita gidariak, museoak… eta datu orokorragoekin ere konparatu beharko da.

Jasone Astibia lankideak adierazi duenez, balio ekologikoa eta etnografikoa bilatzen duenaren profila dago piramidearen oinarrian, eta fenomeno literario eta zinematografikoen eragina agerikoa da, olatua iragankorra bada ere. Bizikletaz hurbiltzen direnen joera handitu dela, eta ezaugarri iraunkorreko jarduera izaten ahal dela nabarmendu du, estazionalitate zabalekoa.

 

Heldu den lau-urtekoaren ardatza

Xabi Torres, Turismo, merkataritza eta kontsumo zinegotziak udalaren asmoak gogora ekarri ditu:

Turismoak modu anitzetan eragiten du ehun sozioekonomiko eta kulturalean. Udalaren eginkizunetako bat sustapena da, baina udal-ekimenak sustapen hutsetik haratago ere behar du. Urte osoan zehar bertan bizi garenon zaintzaren ikuspuntutik, emaitza handiena ordez, nahi dugun emaitza erdiestea da gakoa. Turismoak dituen ertzak eta sinergiak irakurri beharko ditugu heldu diren lau urteetan.

Gutasuna eta lurraldea osotasunean begiratuko dituen ikuspegian kokatzea garrantzitsua da. Baztan landa eremua da, eta bertze landa eremuetako adierazle ekonomiko tipiko bat dauka: autonomoen tasa %48koa da. Ezaugarri hauekin, funtsezkoa izanen da sare sozioekonomiko kolaboratiboa ehuntzea eta  balio ekologikoak aintzat hartzea. Azken finean, sistema humano, ekonomiko eta kultural jasangarria gure buruari eta bisitariari ere oparitzea. Biziraupenean inplikaturik gauden eragile eta herritar bakoitzaren ametsa eta ardura da hori.

Baztan saltzea baino, altxorra zaindu eta Baztan ikastea, irakastea eta erakustea izanen dira ibilbiderik onenak, urratsez urrats zuekin batera egiten saiatuko garenak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun