Artisau eta Ekoizleen I. Topaketa abuztuaren 24an eginen dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 9a, 18:00
Ezker-eskuin, Urki Lizarribar eta Mari Jose Brust (Baztango Zaporeak), Amaia Zinkunegi eta Julio Molinuevo (Baztango Artisauak) eta Haizea Irigoien (Argitsu). Argazkia: Fernando Anbustegi

Baztango Artisau elkartea, Argitsu eta Baztango Zaporeak elkarteek antolatua

Artisau eta Ekoizleen lehenbiziko topaketa hartuko du Elizondok abuztuaren 24an, eskualdeko eskulangileak biltzen dituen Argitsu elkarteak, Baztango Artisau elkarteak eta Baztango Zaporeak antolatuta.

Topaketa honen berri emateko agerraldia egin zuten abuztuaren 8an Elizondon, hiru elkarteen ordezkariekin: Amaia Zinkunegi eta Julio Molibuevo (Baztango Artisauak), Haizea Irigoien (Argitsu elkartea) eta Mari Jose Brust eta Urki Lizarribar (Baztango Zaporeak).

Agerraldian aipatu zutenez, urtean zehar hainbat azoka antolatzen dituzte bakoitzak bere aldetik, baina duela hilabete batzuk elkartzen hasi ziren eta denen artean azoka ederrago bat antolatzea pentsatu zuten, besta giroan Euskal Herriko bertze hainbat eskulangile eta ekoizle gonbidatuz.

 

Egitarau zabala abuztuaren 24rako

Elkarlan horren emaitza da abuztuaren 24ko Artisau eta ekoizkeen topaketa. 10:00etatik 20:00etara hogeita hamar ekoizle eta artisau baino gehiagok beraien postua paratuko dituzte Elizondoko plazan. Horrez gain, inguruko kultur ekintzaileek ere parte hartuko dute. Honela, 11:30etik 12:30era birziklatze-tailerra izanen da, 17:00etatik 18:00etara erraldoiak ibiliko dira eta 18:30etik 20:30era txalaparta tailerra eskainiko dute plazako kioskoan. Gainera, egun osoan haurrendako aurpegi margoketa, musika, artisau eta ekoizleen lanen erakusketa eta sotopilak izanen dira. Akitzeko, saski baten zozketa ere eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun