Eskualdean da euskal selekzioaren aldeko mendi martxa

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 7a, 09:43

Elizondon harrera egin zioten astearte arratsaldean, abuztuaren 7an Elizondo-Sunbilla etapa egiten ari dira, abuztuaren 8an Sunbilla-Goizueta ibilbidea eginen dute eta 9an Goizueta-Andoain

‘Euskal selekzioak martxan, garena garelako, ofizialtasuna!’ goiburupean, abuztuaren 3tik 10era Ainhoa eta Usurbil artean egiten ari da Euskal Selekzioaren aldeko hemeretzigarren mendi martxa. Dagoeneko eskualdean sartua da. Abuztuaren 6ko etapak Elizondon izan du helmuga, Urepeletik abiatuta. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Astearte arratsaldeko bortzak aldera ailegatu zen martxa Elizondora, Antzanbordatik. 80 bat ibiltari txistularien laguntzarekin sartu ziren Eliondoko plazan eta Baztango kirolariek, bi lerrotan paratuta, harrera beroa eskaini zieten. Jo ala Jo taldeko kideen adar eta txalapartarien doinuekin hasi zen Ioritz Mitxeltorenak gidatutako ekitaldia. Segidan, Alazne Untxalok bertso batzuk bota zituen. Aurten, buruz buruko pala txapelketa irabazi duen Xabier Ibargarai erratzuarra eta BKTko Paula Urrutia eta Nekane Astiz eskubaloi jokalariak ere solastatu ziren, Baztango kirolarien atxikimendua adieraziz mendi martxari. Joseba Otondok, Baztango udaleko alkate eta Batzar Nagusiko lehendakari gisara ere, bi erakundeen atxikimendua adierazi zuen.

Martxan parte hartzen dutenen izenean, Txumai Muruak eskerrak eman zizkien baztandarrei eta Udalari eta Batzar Nagusiari, Baztandarren Biltzarra elkarteari eta Baztango harreraren antolatzaile izan den Julen Mitxeltorenari oroigarri bana eman zieten. Dantzan bukatu zuten ekitaldia.

 

Elizondo-Sunbilla gaur, Sunbilla-Goizueta bihar

Abuztuaren 7ko bosgarren etapa Elizondo eta Sunbilla artean eginen da, abuztuaren 8koa Sunbilla eta Goizueta artean eta 9koa Goizueta eta Andoain artean. Ohikoa denez, herrietan harrera egiteko ekitaldiak eginen dituzte. 

Informazioa eta izen-emateak: mendimartxa.eus

 

Etapak

  • Abuztuak 3: Ainhoa-Bidarrai
  • Abuztuak 4: Bidarrai-Baigorri
  • Abuztuak 5: Baigorri-Urepele
  • Abuztuak 6: Urepele-Elizondo
  • Abuztuak 7: Elizondo-Sunbilla
  • Abuztuak 8: Sunbilla-Goizueta
  • Abuztuak 9: Goizueta-Andoain
  • Abuztuak 10: Andoain-Usurbil

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun