Abuztuaren 10ean Said Koyo musikari marokoarrak eta Hutsun Txalaparta taldeak, gnaoua musika eta txalaparta kontzertuak emanen dituzte Elizondoko Jaime Urrutia karrikan, larunbatean 19:30ean. Baztango Udalak eta Nafarroako Gobernuak antolatu dute emanaldia 2019ko Arte eta Kultura programaren barnean. Euria eginen balu Arizkunenea Kultur Etxean eskainiko lukete emanaldia.
Hutsun txalaparta taldea 2011n sortu zuten Iruñean, hiru txalapartariren eskutik: Anai Gambra Uriz, Mikel Urrutia eta Simon Ahechu Agarraberes. Txalapartaz gain, bertze hainbat musika-tresna jotzen dituzte. Berriki, Hutsun txalaparta taldeak eta Muxu estudioak ‘Hamaika herrialde hizkuntza bat’ erreportajea landu dute. Preziski, Hutsun taldeak Said Koyo gnaoua musikariarekin Marokoko Asilah herrian egindako musika elkartrukearen berri ematen da ikusentzunekoan. Kultur ezberdinen arteko fusio musikalaren esperientzia azaltzen da.