Irurita Miguelenek jantzi du 40. Laxoa txapelketako txapela

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko abu. 5a, 07:33

Txapelketako lau laukote onenak, antolatzaile, laguntzaile eta agintariekin, sari-banaketaren ondotik. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Abuztuaren 3ko finalean 9-6 irabazi zion Irurita Olariri

Baztan-Errekako 40. Laxoa txapelketaren finala jokatu zen abuztuaren 3an Iruritan eta herriko bi taldeen arteko lehian Irurita Migelene suertatu zen txapeldun, Irurita Olari taldeari 9-6 irabazita. 

Duela bi urte bezala, Iruritako bi talde izan ziren finalean (iaz Doneztebeko bi izan ziren) eta, orduan bezala, Irurita Miguelena taldea nagusitu da aurten ere. Txapelketako partida guztiak irabazi dituzte txapeldunek, bai ligaxkan, bai kanporaketetan. Talde txapeldunean, Xabier Barberena sakalaria, Gorka Urtasun numeroa eta Jagoba Ramos eta Egoitz Prim laurdenak aritu ziren; Azpitxapeldun izan zen Irurita Olari taldearekin Jorge Azkarate sakalaria, Joseba Urtasun numeroa, eta Iñaki Etxandi eta Guillermo Etxenike laurdenak aritu ziren.

Partida gogorra izan zen. Lehenbiziko jokoa Olarikoek egin zuten eta hasiera berdindua izan zen, baina pixkanaka gailendu ziren Miguelenekoak (0-1, 3-1, 3-2, 5-2, 5-5, 7-5, 7-6 eta 9-6). Gisa honetara, Iruritak hamahirugarren txapela jantzi du laxoa txapelketan, eta 1980ko lehen edizioa bezalaxe, 2019ko berrogeigarrena ere irabazi du. Halere, Doneztebek txapel gehiago ditu (20), Oizek lau eta Arraiozek hiru.

 

Hirugarren postua Arraiozek eskuratu zuen

Larunbat goizean jokatu zen hirugarren posturako norgehiagokan Arraioz Sagardia taldeak (Mikel Mindegia, Xabier Mihura, Miguel Maritorena eta Jon Gamio) 9-6 irabazi zion Doneztebe Apezteguia taldeari (Jon Apeztegia, Ramontxo Etxebeste, Joseba Juanena eta Ibai Santesteban) 9-6 irabazi zion, ia hiru orduko partidan.

Sari banaketa ekitaldian, Oihane Prim, Iruritako alkatea; Iñigo Iturralde, Baztango udaleko kirol zinegotzia; Nafarroako Kirol Institutuko Josu Janixes, Alberto Soldado, Nazioarteko Pilota Federazioko presidentea; Nafarroako Pilota Federazioko Jesus Mari Porron eta Jose Artetxe, Pilotarien Batzarrako presidentea izan ziren

Sariak banatu ondotik, afari eder batean bildu ziren jokalari, antolatzaile eta laguntzaileak Olari jatetxean, Laxoa txapelketak 40. Edizioa bete duen urtean ez ezik, Nafarroako Gobernuak Laxoa Kultur Intereseko Ondasun izendatu duen urtean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun