Tximista batek piztutako suteak kalte handiak eragin ditu Berroetako etxebizitza batean

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 2a, 10:30

Tximista batek eragin zuen sutea. Argazkia: oneclimber.com

Teilatu osoa erre zen eta ganbaran kalteak eragin zituen

Tximista batek piztutako suteak kalte handiak eragin zituen Berroetako etxebizitza batean. Atzo gertatu zen ezbeharra eta, zorionez, ez zen zauriturik izan.

Larrialdi zerbitzuan atzo goizean, 09:25ean, jaso zuten deia. Etxeluzea etxeko teilatua da erre dena, Berroetako Karrika Nagusian dagoen etxe bat. Momentu horretan ekaitz erasoa zegoela eta leherketa handi baten asotsa aditu zela jakinda, tximista batek eragindakoa izan zitekeela adierazi zuten. Suhiltzaileak ezbeharra gertatu ziren tokira joan ziren eta 13:20 ingurura arte itzaltze-lanean aritu ziren.

Zauriturik ez

Sutea gertatu zen momentuan hamabi urteko gaztetxo bat eta bere amatxi etxebizitza barrenean zeuden, lehendabiziko eta bigarren solairuan, hurrenez hurren. Suteak teilatuan eta ganbaran eragin zuenez, ez ziren zaurituak izan. Aitzitik, suak teilatu osoan eragin zuen eta goitiko solairuko gelan kalte handiak eragin ditu. Bertzeak bertze, ganbaran zituzten altzariak erre ziren. Gainera, sua itzaltzeko erabilitako ura beheitiko solairura pasatu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun