Baztango Geroa Baik Bildu eta Baztango Ezkerraren «gardentasun eza» kritikatu du

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 31a, 20:00
Ekainean osatu zen udalbatza. Geroa Baik Bilduren eta Baztango Ezkerraren gardentasun eza salatu du. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Udalbatzako kide guziek kobratzen dituzte diru-kopuruak udalaren webgunean argitaratzea ukatzen dutela dio 

 

Joan den uztailaren 18an, Baztango Geroa Baik astebeteko aitzintasunarekin bi puntuko mozioa aurkeztu zuen Batzorde Informatibo Orokorrean. Zinegotziek bilkuretara joateagatik gehienez 900 euroko kopurua berriz ere ezartzea eta Udalaren webgunean udalbatzako zinegotziek osotara kobratzen dutena hilabetero argitaratzea. Bilduk eta Ezkerrak bi puntuen kontra bozkatu zuten. Baina, Baztango Geroa Baik dioenez, «harriturik ikusi genuen premiazko mozio bat presentatu zutela berehala eguneko gai zerrenda akitu bezain laster».

EH Bildu eta Baztango Ezkerraren mozioan Baztango Geroa Baik bilkuretara joategatik kobratzeko proposatu zuen gehienezko kopuru bera proposatzen zuten, «eta haiek orain dela hilabete bat proposatu eta onartu zutena aldatzea proposatzen zuten aldi berean, diru kopuruak aldatuz».
 
Baztango Geroa Bairen ustez ustez, «Bilduk eta Ezkerrak aurkeztu zuten mozioa guk aurkeztutako bi puntuetara biltzen ahal zen. Jakina den gisan, Baztango Geroa Baik Gobernu taldeak aurkeztu mozioaren aldeko botoa emana baitzuen».
 
Geroa Bairen ustetan, «kritikatzen dugun jarrera hori Bildu eta Ezkerraren gardentasun faltaren proba da, udalbatzako kide guziek kobratzen dituzten diru kopuruak webgunean argitaratzea ukatzen baitute».
 
Hala ere, «Bildu eta Ezkerraren jarrera ilun horrek ez gaitu harritu beharrik: orain dela lau urte proposamen bera arrakastarik gabe ekarri izana baitzen batzorde informatibora», dio Geroa Baik. «Eta ez bakarrik gai hori. Azkeneko agintaldian Udal langileen kontratazio prozesuen gaineko informazioa eskatu genuen ere. Eskaera hori onartu zen, baina inoiz ez da eskatutakoa bete, eta udalbatzaren erabakiari ez zaio kasurik egin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun