Maika Ariztegi berriz ere Nafarroako txapeldun koxkor biltzen

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 26a, 13:01
Bortz kirolarien artean berriz ere nagusi izan zen Maika Ariztegi. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Elizondoko Santiago egunean jokatutako txapelketan nagusitu zen iturendarra

Euskal Herriko koxkor biltze txapelketa hamabortz aldiz irabazia du Maika Ariztegi iturendarrak. Nafarroakoan ere parte hartu duen txapelketa guztiak irabazi ditu, baina ez daki zuzen zenbat. Santiago egunez Elizondon bertze ale bat gehitu zuen, Nafarroako txapelari eutsiz.

Bero sapa ikaragarriari aitzin eginez, Maika Ariztegik zortzi minutu eta 6 segundo behar izan zituen 50 koxkorrak biltzeko. Eltsoko Ainhoa Iraizozek bortz segundo gehiago behar izan zituen (8.11). Biak izanen dira Nafarroako ordezkariak irail bukaeran Igantzin jokatuko den Euskal Herriko txapelketan.

Hirugarren Antsoaingo Irune Biurrun izan zen (8.16), laugarren Goizuetako Luzia Etxeberria (8.28) eta bosgarren Antsoaingo Irantzu Anaut (9.02).

Txapelketaz gain, Josetxo Urrutia leitzarrak erakustaldia eskaini zuen harri jasotzen eta ingudeekin eta aizkoran aritu ziren Beintza-Labaiengo Jon Telletxea eta Zubietako Mikel Indakoetxea. Lehenbizikoa nagusitu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun