Non sortua zara?
Azpilkuetako Urrasun auzoan sortua naizen arren, amaiurtarra naizela erranen nuke.
Zer zaletasun dituzu?
Kirola gustatu izan zait beti. Denbora batez egitea ez horrenbertze, orain gehiago. Sokatiran ibilia naiz eta orain mendira joatea dut gustuko.
Herriko karguduna zara. Nolatan hasi zara lan horietan?
Herri ttiki hauetan ez du inork nahi izaten eta bueltaka ibiltzen gara. Denok egin beharko genukela iduritzen zait. Bere denboran ez nuen pasatu eta orain hartu dut.
Zein dira herriko kargudun gisa zure egitekoak?
Herriko beharrei erantzuna emateko bitartekari lanak egitea: jendearen eskaerak entzun, Udalean eskaerak egin, auzolanak antolatu... Hori guztia egiteko taldetxo baten laguntza izanen dut.
Zein da kargudun gisa duzun erronka?
Herritarrok ikusten ditugun gabeziei erantzutea. Nire aldetik, bide batzuk utziak ikusten nituen. Hortik hasi gara.
Nola moldatzen zarete?
Auzolan batzuk egin ditugu eta Udaleko pala erabili dugu... Herritarrek laguntzeko borondatea dute. 15 lagun inguru bildu gara auzolanetan.
Herriko bestak ate joka dituzue. Antolatzen ibiltzen zara?
Orain ez, baina ibili izan naiz. Herriak, laguntza bezala, sosa ematen du eta 12 bat laguneko gazte talde batek antolatzen ditu. Nik haien eskaerak bildu eta eramaten ditut.
Zertan aldatu dira herriko bestak?
Gauez aise jende gutiago ibiltzen da orain, baina egunez beti bada jendea.
Ekitaldi batzuek indar handia dute...
Bai, zopatan zerbitzari eta guzti 450 inguru biltzen gara. Lehenago herriko etxean egiten zen eta plazan egiten hasi ginenetik anitz indartu da.
Zein ekitaldi duzu gustukoen?
Zopak maite ditut, eta Amabirjin Eeguna eta zikiroa ere bereziak dira. Jendea biltzen da, eta kanpoan bizi direnak ere etortzen dira...
Zer du Amaiurrek bertze herriek ez dutena eta zer falta zaio?
Gazteluan lanean hasi zirenetik, orain dela 13 bat urtetatik, turismoa aunitz indartu dela. Falta, berriz, zerbitzuren bat. Ostatua badugu baina denda bat gustura hartuko genuke.