Bertan bizimodua egiteko eragozpenik ez izanagatik, hori ez dela estimatzen uste du: «herriak ematen diguna baloratzea zaila izaten da». Ez luke herria eta ingurua aldatuko, bertako giroa «berezia» baita. Bestetan, bereziki, karriketan eta «plazan izaten den giroa, adin guztietako jendea gozatzen ikustea» ederra da berarendako, «nahiz eta horretarako besten beharra izatea pena den…». Berak, bere aldetik, besta egunetan horri bide emateko antolatze-lanean parte hartzen du. Gazterik hasi zen besta batzordean: «15 bat urte nituelarik edo… baina orduan orain baino guttiago aritzen nintzen». Gerora, ordea, gibeletik aunitzek uste ez duten lana dagoela ohartu da: «besta egunetakoa baino gehiago kostatzen zaigu aitzinekoa».
«Blusa gerruntzean eta zapia lepoan paratu eta etxetik atera aitzinetik atatxi eta amatxiri bi musu ematen dizkiedan momentua berezia da»
Egindako lana ez da alferrikakoa izaten, ondotik «gogotsu, pozik» hartzen baititu bestak. «Blusa gerruntzean paratu lepoan zapi laukiduna eta etxetik atera aitzinetik atatxi eta amatxiri bi musu emanez» hasten ditu egun handiak: «momentu hori arras berezia da». Hortik aitzinera, egunerokoa nahiko finkatua du: «bezperan muserako bikotea izanez gero, txapelketan parte hartu eta zopak janez borobiltzen dut». Bigarrena da motelena, «kristoren bestondoa izaten baitugu». Dena den, horrek ere badu bere berezitasuna: «hirugarren adinekoak dantzan gozatzen ikusteak ez du parekorik». Horiei begira gustura, eta lasaitasuna bilatuz, gazte egunerako indarrak berrartzen saiatzen da: «ederra da elektrotxarangarekin herrian barna ematen dugun buelta, herriari ematen dion bizitasunarengatik». Hondarrekoa, berriz, mahai-inguruan biltzeko baliatzen du: «hagitz polita izaten da». Bestak akituta ere, Lierni Oteizaren egutegiak egunak eskas izaten segituko du: «lagunekin mahai-inguruan jarri eta bestetako pasarteak oroitaraziz» biharamunari aitzin hartu ondotik, «besta gehiagoren bila» joko du eta.