2018ko gerakinetatik inbertsioak egin ahal izateko aurrekontu moldaketa onartu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 19a, 13:00
Iruritako Dorrea zaharberritu ondotik, udalak bide berria eginen du.

Alkatearen proposamena uztailaren 18ko batzarrean izan ziren hamabi zinegotzien babesa jaso zuen 

2018. urteko kontuak likidaturik, urte horretako gerakina kontuan harturik eta Baztanen dauden beharrak ikusirik aurrekontuen moldaketa proposamena aurkezten zuen Joseba Otondo alkatea uztailaren 18ko Udal batzarrera. Bertan izan ziren hamabi zinegotziren babesa jaso zuen. Nekazaritza azpiegituretara bideratuko da diru-sailarik handiena, 76.885,98 euro; Gartzaingo Ariztegiko bidea breaztatzera 28.774,69 euro; Elizondoko Baztan pilotalekuaren teilatura 25.080 euro; sasiak mozteko makina erosteko 21.200 euro; Azpilkuetan hodia aldatzeko 16.819 euro; Zaharretxea berritzeko txostena idazteko 13.915 euro eta Iruritako Dorreako biderako 10.479 euro.

 

Zerrendako inbertsioak finantzieroki bideragarriak dira eta beren gauzapenak ez du kostu gehigarririk suposatuko. Hala, proposamena xeheki emanik, hauxe litzateke:

Zaharretxea berritzeko txostena 

Francisco Joaquín Iriarte zaharretxea berritzeko adinekoean zaintza plana egin ondotik, ondoko pausua nahi den zaharretxea zehaztea da, bereziki alderdi hauek kontuan hartuz: erabiltzaileak, arreta eredua, langileak eta eraikinaren muga fisikoak. Zehaztapen lan hori egiteko ahalkularitza kontratatuko litzateke.

 

Nekazaritza azpiegiturak

Urtero bezala hainbat nekazaritza azpiegituren hobekuntzarako lanak aurrikusi dira: Erdizeko bideko drenaiaren hobekuntza, Biotzeko ziloko askaren ur-hartunearen moldaketa, Otsondoko iskindegiaren konponketa, pasabide kanadiarrak (Larroko bidean, Itzulegiko bidean, Beltzerrekako bidean eta Urballoko bidean) eta Gorramakileko aziendendako korlearen berrikuntza. Lan hauek Nafarroako Gobernuaren tokiko abelazkuntza-azpiegitura hobekuntza deialdirat aurkeztu dira.

 

Elizondoko Baztan pilotalekua

2010ean Baztan pilotalekuan teilatua eta fatxada birgaitzeko lanak egin ziren. 2011. urtean itexurak zeudela jakinarazi zion Udalak lanen egileari. 2017an udalak txosten periziala galde egin zuen eta ardurak argitzeko prozedura abiatu zuen, nahiz oraino ez den argitu ahal izan. Aurtengo neguan itexurek segitu dute eta arazo handiak sortu dituzte. Proposamen honekin itexurak konpontzeko teilatua aldatuko luke udalak eta ondotik, ardura nor duen erabakitzen delarik, arduradunari lan hauen zenbatekoa pasatuko zaio.

  

Iruritako Dorreako bidea

Iruritako Dorrea berritu berri du Nafarroako Gobernuak. Udalari bide berria egitea dagokionez, proposamen honekin aipatu bidea eginen da.

 

Gartzaingo Ariztegiko bidea breaztatzea

Nafarroako Gobernuak Gartzaingo bide nagusitik auzoko sarreraraino doan bere errepide zatia zolaberrituko du. Hori aprobetxatuko dugu aski gaizki dagoen auzo barneko udalaren bidea ere breaztatzeko.

 

Hodi aldaketa Azpilkuetan

Azpilkuetako arditegi baten ondoan hodi bidez erreka kanalizatua heldu da. Hodia itsuturik dago eta ura lurrazipitik hedatzen da arditegiaren zola azpitik janez, hormigoizko zolarik ez duelako. Arditegiaren barnean bi metro luze eta metro eta erdi sakonerako  zuloa dago. Hodia konpontzeak 13.900+BEZ aurrekontua du.

 

Sasiak mozteko makina 

Baztango udalarenak diren etxeetako bideak mantentzeko traktore berria eta bigarren eskuko sasia mozteko makina erosi zituen udalak. Urtetik urtera ikusi ahal izan denez zerbitzua eraginkorra da eta herriek aunitz eskertzen dute. Betiere, sasiak mozteko makinarekin izandako arazoengatik berria erostea komeni da. Aurtengo aurrekontuetan 15.000 euroko kontusaila onartu zen horretarako baina gerora, merkatuan dauden eskaintza berriak ikusirik, horrelako erosketa egiteko bertze 21.2000 euro gehitzea beharrezkoa da.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun