«Arrakasta duten ekitaldiak mantendu eta bertzeak hobetzen saiatzen gara»

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 22a, 09:30
Haize Arrieta.

Haize ARRIETA, Besta batzordeko kidea

Proposatu, eragin eta egin. Halaxe laburbil daiteke Haize Arrieta besta batzordeko kide izatearen arrazoia: «duela hiru urte kargodun bati erran nion ea hurrengo urtean posible izanen zen kalejira bat egitea eta erran zidan besta batzordeko bilerara agertzeko. Hala egin nuen eta geroztik batzordeko kidea naiz». Hamabi pertsona inguru biltzen dira, «otsail aldean hasten gara elkartzen eta bi astez behin izaten ditugu bilerak».

Mantendu, hobetu, gehitu

Egitaraua, baina, ez dute orri zuriaren gainean osatzen, «urtetik urtera saiatzen gara arrakasta duten ekitaldiak mantendu eta bertzeak hobetzen, zaila izan arren». Berrikuntzaren bat edo bertze ere izaten da: «aurten estreinakoz frontenis txapelketa mistoa eta bizikleta erakustaldia izanen ditugu eta dantza herrikoiak mutil-dantzekin batera eginen dira plazan. Orain arte, dantza herrikoiak Ziga plazan eta mutil-dantzak segidan plazan dantzatzen zituzten».

«Aurten estreinakoz frontenis txapelketa mistoa eta bizikleta erakustaldia izanen ditugu

Sosak agintzen du

Kontu aunitz lotu behar izaten dituzte: «ekitaldiak, edariak, kontzertuak...». Eta horien guztien artean musikari lotutako kontuek eragiten diete buruhauste gehien: «gaur egun arras zaila da prezio ekonomiko batean izena duen talde bat lortzea. Jendeak taldea ospetsua izatea nahi du, baina sosak agintzen du».  Gero, gainera, taldea ospetsua izateak ez omen du «deus ere» ziurtatzen, «ohartu izan gara musikalki edo giro hoberena paratzen duten taldeak aunitzetan ez direla ezagunenak edo ospetsuenak». Horren adibidea da iazko kasua: «pasa den urtean Ni yuta ni tuya eta Ezinke izan ziren giro hoberena paratu zutenak».

«Aunitzetan giro hoberena paratzen duten taldeak ez dira ezagunenak edo ospetsuenak»

Egitaraua itxita, eginbeharrekoen erdiak osatuak dituzte: «bestak ailegatzen direnean, egun bakoitzeko arduradun batzuk izendatuta ditugu. Arduradunak arazoak konpondu, ekitaldiak bere orduan egiten direla ziurtatu... behar du». Dena den, azpimarratu nahi izan du ez direla bakarrik aritzen:«herriko jendeak ere laguntzen du aunitz».

Denetarako tartea

Lanaz gain bestarako tartea ere hartzen du Haizek eta «kuadrillen eguneko bazkaria eta poteoa» omen dira gustukoen dituenak, «giroa ezin hobea delako». Dena den, ez du bai edo bai joan beharreko ekitaldirik: «maite duzun zerbait galtzen baduzu erran nahi baitu zerbait hobea ari zarela egiten». Eta nabari da maite dituela bestak, egunik politenaz galdetuta, instatean erantzun baitu: «ortziralea, astelehena oraindik urrun dagoelako». Aholkua ere eman die bisitariei: «Foralak badira izkina guztietan, beraz, badakizue: ez hartu kotxea mozkorturik. Hartu autobusa, kastaña!».

Bestak akitzean zer eginen duen ere galdetu diogu eta argi du: «bestak ez dira sekula ere akitzen. Herrikoak akitzean, beti badira gehiago». Momentuz, antolatu, egin eta gozatu. Atseden hartzeko asmorik ez du oraindik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun