«Heldu direnei zerbait uzteko arduraz jokatzea ezinbertzekoa zaigu»

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 22a, 07:30
Miren Meoki, Baztango Hondakinen Zerbitzuko teknikaria.

Miren MEOKI, Baztango Hondakinen Zerbitzuko teknikaria

Ingurumenari lotua bizi da Miren Meoki (Lekaroz, 1977). Kirola eta natura uztartzen duen guztia du afizio; eta Baztango hondakinen kudeaketa ofizio. Maite du bere lana eta ondorengoei «bizitzeko moduko ingurune bat» utzi ahal izateko «beharrezkoa» dela uste du.

Azken urteetan Baztango Udalarendako ari da lanean eta, bertzeak bertze, «hondakinen kudeaketa koordinatzeaz, hondakinak biltzeaz, kontrolaz, diru-laguntza eskaerez, Nafarroako Hondakinen Planaz, Hondakinen Foru legea betetzeko baliabideak lortzeaz…» arduratzen da, baita herritarrak sentsibilizatzeaz ere.

Sentsibilizazioaren garrantzia

Azken eginkizun hori «bereziki garrantzitsua» da bere ustez: «sistema linealak porrot egin duelako, munduaren suntsiketa muga garrantzitsuan dagoelako eta egoera larrian gaudelako». Horren aitzinean sistema linealetik (lehengaiak lurretik atera, erabili eta bota) prebentziora (hondakinak murriztera) eta sistema zirkularrera (erabili eta birziklatu berriz erabili ahal izateko) jotzea «beharrezkoa» dela nabarmendu du: «munduko biztanleriaren hazkundea eta baliabideen gainbeheraren aitzinean, zentzuz jokatu behar genuke».

«Sistema linealetik zirkularrera jo behar dugu»

Baikor eta itxaropentsu antzematen zaio, eta azken urteetan jendea «arazoaz ohartzen» ari dela uste du. «Bereziki organikoaren bilketan» jendearen «prestutasuna, ongi egiteko gogoa» sumatu du eta horretarako gakoa «erraztasunak jartzea» da bere ustez.

GIIS birziklapen sistema

Erraztasunak bermatu nahirik, berriki, Baztanen  GIIS birziklapen sistema martxan jarri dute. Orokorrean, sistema horrek «berrerabilpena» sustatzen duen arren, «Nafarroako Gobernuak Erratzun eta Elizondon paratutako makinek ez dute horretarako bide ematen». Aitzitik, «jendeari ontziak biltzeagatik horien balioa bueltatzen zaio». Sistema horren bidez, ontziak «baliabideak» direla adierazi nahi dute: «ongi kudeatzeak ekomomia zirkularra bulkatzen duen heinean, gaizki egiteak ingurumen kalteez gain, galera ekomomikoak ere badakartza». Ikusiak ikusi, Baztango teknikariak «dirua partikularki bueltatuz, jendeak hobe erantzuten duela» erranen luke.

Momentuz erantzun «ona» izan dute makinek: «lau hilabetez izanen dugu gurean eta ondotik emaitzak baloratu eta ondorioak atera beharko dira». Helburua, azken batean, «sistemaren eraginkortasuna eta jasangarritasuna» ikustea da. Meokik, bere aldetik, «jendeak erabiltzen dituela eta herria garbiago mantentzen laguntzen dutela» nabarmendu du. 

Informazioa, kontzienziazioaren oinarria

Halako baliabideak sustatzeko bidean, «informazioa» erreminta garrantzitsua delakoan dago: «informatuta daudenak kontzientziatuta daude eta badakite nola funtzionatzen duen». Arazoa, beraz, «informaziorik ez dutenengan» dagoela uste du. Areago, haiengana «sakelak ukitu edo trabak jarri ezean» ailegatzea «arras zaila» delakoan dago.

«Sakelak ukitu edo trabak jarri ezean jendearengana ailegatzea arras zaila da»

Begiak irekitzea aski da zaborrak ingurunean duen eragina ikusteko eta horrelakoek «amorrua, pena eta lotsa» sentiarazten diote Meokiri. Bereziki herriko bestetan hondakinen kopuruak goiti egiten duenez gero, «arduraz» jokatzeko deia luzatu du. Beraien aldetik, aurten ere «baxera berrerabilgarria eta koloretako edukiontziak jartzeaz gain, antolakuntzakoei aholkuak emateko prest» daude.

Laguntza horren truk, «herritarrei kanpainetan izan duten jarrera horri eustea eta kontzienteki kontsumitzea» eskatu die, «ondorengoek ere mundu honetan bizitzeko eskubidea bermatzea gure erantzukizunetako bat delako».

 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun