Asteazkenean hasiko da Baztandarren Biltzarreko bazkariko txartelen salmenta

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko uzt. 16a, 07:30
Merkatuko plazako bazkarirako txartelak salgai paratuko dituzte asteazkenean. Giro ederra izanen da mahaian eta mahai-inguruan.

Kamisetak ere eros daitezke aste osoan, tonbola martxan da eta balkoiak eta erakusleihoak apaintzeko deia egin dute igandeko ospakizun handirako 

Asteazken honetan, uztailaren 17an hasiko da Baztandarren Biltzarraren harira, Elizondoko Merkatu zelaian egin ohi den bazkarirako txartelen salmenta. 10:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara erosi ahal izanen dira 23 euroan, Baztandarren Biltzarraren egoitzan.

Asteazkenean barrakonera joaterik ez dutenek txartelak erosteko bertze aukera bat izanen dute ortzegunean. Goizeko hamarretatik aitzin, txartelak@baztandarrenbiltzarra.eus helbidera idatzita eskuratu ahal izanen dira. Emailen ordena errespetatuko da eskariak egiterako orduan. Ezarritako ordua baino lehen iristen diren eskariak ez dira kontuan hartuko.

Bertzalde, Karmele Gomezek Baztandarren Biltzarra iragartzeko egindako kartelean oinarritutako kamisetak erosi ahal izanen dira, aste osoan, iluntzeko zortzietatik aitzinerat, elkartearen egoitzan. Irrintzi baztandar bat irudi bihurtu du Gomezek, sinestesia deituriko zentzumenaren bitartez.

Badira aste batzuk Baztandarren Biltzarraren tonbola martxan dagoela, baina oraindik gelditzen dira boletoak.  Nahi izanez gero, Baztango  zenbait komertziotan erosi daitezke. Zentzu horretan, Baztandarren Biltzarra elkarteak jakinarazi du urtetik urtera salmenta puntuak aldatu egiten direla, ez dagoelako komertzio guztietan saldu ahal izateko adina boleto. Aurten tonbolako boletoak saltzeko aukerarik izan ez duten zenbait komertzioren kexak jaso ditu elkarteak, eta horregatik barkamena eskatu nahi  die izan diren gaizki-ulertu eta trabengatik. Aurrerantzean, halako arazoak izan ez daitezen, bi aldeen arteko komunikazioa hobetzeko ahalegin berezia eginen du Baztandarren Biltzarra elkarteak. 

 

Balkoiak eta erakusleihoak apaintzeko deia

Baztango hamabortz herrien besta handia dela eta, aurten berritasun modura, elkarteak herritarrei eta komertzioetako kideei balkoiak eta erakusleihoak apaintzeko gonbita egiten die. Sabaietan gordetako zapi, objektu zahar eta lanabesak baliatu eta Baztan osoko herriak girotzea da asmoa.

 

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun