Basaburuko Iraitz Iturralde eta Jon Irigoienek irabazi dute kadete mailako Nafarroako arpana txapelketa

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 11a, 10:33

Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketako finalistak ere erabaki ziren asteazkenean Iruñeko Foru Plazako saioan 

Baztango Basaburua taldeko Iraitz Iturralde eta Jon Irigoien dira kadete mailako Nafarroako arpana txapelketako txapeldun berriak. Uztailaren 10ean Iruñeko Foru Plazan jokatutako saioan 6 minutu eta 2 segundo behar izan zituzten metroko enborrari hamar epai egiteko. Iñigo Aritzeko  Inar Olabide eta Adur Irigoien bigarren izan ziren (6.23), Andra Mariko Pello Altzelai eta Oinatz Carreño hirugarren (6.25), Andra Mariko Urtzi Galartza eta Adur Lizarraga laugarren (6.33), Araxesko Manex Saralegi eta Oier Goñi bosgarren (6.43) eta Araxesko Leire Olano eta Eneko Rekalde seigarren (7.44).

Hirugarren mailako aizkora txapelketaren kanporaketa

Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketako kanporaketan, berriz, abuztuaren 17an Burlatan jokatuko den finalerako bortz txartel erabaki ziren. Bi kanaerdiko moztu behar zituzten aizkolariek eta Arribeko bi aizkolariak nagusitu ziren: Txomin Amundarainek 5 minutu eta 3 segundo behar izan zituen lana burutzeko eta Ibai Soroak 5 minutu eta 22 segundo; hirugarren, Leitzako Julen Olano izan zen (5.27), laugarren Navacerradako Victor Suarez (6.09) eta bosgarren Anotzeko Eneko Pagola (7.56). Finaletik kanpo gelditu ziren Berako Oier Larretxea (9.29) eta Iruritako Marc Duch.

Proba konbinatu erakustaldia ere egin zuten kimu mailan eta Igantziko kirolari gaztetxoak bertan izan ziren.

 

Nafarroako txinga-eramate txapelketak gaur

Uztailaren 11n, ortzegun eguerdian, gizasemeen eta emakumezkoen txinga-eramate txapelketak erabakiko dira Iruñean eguerdian. Gizonezkoetan, Arraiozko Dani Saldias izanen da eskualdeko ordezkaria eta berekin batera, Berriozarko Oskar Aguas eta Iker Goldarazena ariko dira. Emakumezkoetan, Lesakako Xanta Sousarekin batera Iruñeko Esti Gastearena ariko da.

Aizkora erakustaldia ere eskainiko dute Zigako Joxean Etxeberriak eta Lezaungo Juan Jose Lopezek eta harri-jasotze erakustaldia Aimar Irigoienek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun