Herritik eta herritarrendako sortutako garraio-zerbitzua da Bertan Bus. Ez da gauetik egunera abiatutakoa, ezta besoak gurutzatuta lortutakoa ere. Bertan Baztango kideek, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz eta gogotik lan eginez, garatutako proiektua da. Maiatzaren 7an jarri zuten martxan eta, orduz geroztik, astean bitan Baztango lurretan barrena ibiltzen da: «asteartetan Baztangoiza aldera eta asteazkenetan Basaburua eta Erberean barrena eskaintzen du zerbitzua. Alde bakoitzera bina bidaia egiten ditu: bata goizean eta bertzea eguerdian. Hala, joateko eta bueltatzeko aukera bermatu nahi izan dugu». Gutienez urrira bitarte, «proba-fasea» izanen dute eta hilabeteotako «erabileraren arabera» erabakiko dute etorkizunean «segitu edo eten».
Dirulaguntza, zerbitzuaren funtsa
Hitzetik egitera, bide luzea egin dute Bertan Baztan merkatari eta zerbitzu elkarteko lagunek. Angel Arraztoak adierazi digunez, «orain dela hamar urte halako garraio-zerbitzu bat jartzeaz» mintzatu ziren: «jendea barrideekin etortzen zela sumatuta, bakarrik etortzeko modurik ez zutela pentsatu genuen». Behar hori asetzeko eta askatasuna eskaintzeko lanean hasi ziren: «Udalarekin hartu-emanean ibili ginen». Dena dela, ez zuten aitzinera egiterik izan: «dirulaguntzarik ez zegoenez, uztea erabaki genuen».
Joan den udaberrian berrartu zuten gaia «Europatik ematen dituzten dirulaguntza batzuk lortzen saiatzeko». Laguntza horiek lortu eta «autobus elektriko bat paratzea» pentsatu zuten, baina asmo hutsean gelditu zen: «azkenean bertan beheiti utzi genuen kontua. Autobus horiek handiegiak ziren; ttikiak, berriz, urbanoak, zutik ibiltzekoak izaki, ez ziren herriz herri ibiltzeko modukoak».
Urrian, berriz ere, hautsak harrotzen hasi ziren. «Nafarroako Gobernuak merkataritza alorrerako dirulaguntza bat atera zuela ikusi genuen eta horri heldu genion». Bezeroendako zerbitzuei bideraturiko laguntza zenez, «haiek Elizondon, Erratzun, Iruritan... dauden Bertan elkarteko dendetara» bertaratzeko helburua gehitu zieten bueltaka zerabilten zerbitzuari. Itsu-itsuan, «memoria bete eta aurkeztu genuen».
Helburu komertzial eta soziala
Dirulaguntza onartu bezain agudo hasi ziren lanean: «baiezkoa 2018ko hondarreko egunetan eman ziguten eta orduan hasi ginen zehazten, proba egin eta emaitzak aztertzeko herritarren jarrera ikustea bezalakorik ez dagoelako». Maiatzaren 7an inauguratu zuten eta lehendabiziko hilabetean 30 erabiltzaile inguru izan zituen: «eguneko, bana bertze, hiruzpalau lagun». Aurreikuspen «apalak» zituztenez, ez zuten ezustean jaso datua: «hasierako hilabeteak, jendeak zerbitzua ezagutu eta bertzeek erabili dutela jakin arte, zailak izanen zirela bagenekien».
Pasa dute hasmentako trantzea eta urrira bitarte astean bitan harat-honatean ibiliko da autobusa: «asteartetan Baztangoiza aldera (Lekaroz-Amaiur-Azpilkueta-Erratzu-Arizkun) eta asteazkenetan Basaburua eta Erberearantz (Irurita-Ziga-Aniz-Berroeta-Almandoz-Mugairi-Arraioz-Gartzain)». Ibilbide bakoitzean bi bidaia, hau da, joan-etorria, egiten du: «goizean herrietatik Elizondora eta eguerdian Elizondotik herrietara». Horrela, «mugikortasunik ez dutenei elkarteko dendetan erosketak egiteko aukera eskaintzearekin batera, herritarrek udaletxera, banketxera, barridea bisitatzera edo bertze edozertara joateko garraioa izaten dute». Horrekin batera, «auto pribatuaren erabilera murriztea» ere lortu nahi lukete, baina hori «zailagoa» dela diote: «Bertan Busak ordutegi eta ibilbide mugatua du eta anitzetan ez dugu horretara egokitzeko aukerarik». Kontuak kontu, momentuz «gazteak edo adinekoak, gidabaimenik gabeak» dira itxaropenaren giltza: «gazteek udan lagunartean biltzeko edota igerilekura joateko garraio-zerbitzua baliatu ahalko dute».
Herri ttikiendako «erreminta»
Ageriko helburu eta erronka horien guztien gainetik, Arraztoak halako zerbitzuek herri ttikiei egiten dieten ekarpena nabarmendu nahi izan du: «bereziki haientzat erreminta bat da. Seme-alaba gaztetxoak dituzten gurasoek, erraterako, eskolaz kanpoko jarduerak direla eta, goiti eta beheiti bueltaka ibili behar izaten dute». Are gehiago, «zerbitzua zabalagoa balitz, herrian bizi eta herrian kontsumitzeko erraztasunak aise gehiago izanen lirateke» bere ustez. Mugak muga, «abiatutakoa halako zerbitzuak beharrezkoak diren edo ez ikusteko proba bat baino ez da».
Sei hilabeteren buruan, zirt edo zart
Bertan Baztaneko kideek, proba-faseko datuak esku artean dituztelarik, segitzeak merezi duen edo ez aztertuko dute: «erabiltzaileen esku daude emaitzak eta emaitzen arabera erabakiko dugu zerbitzuaren etorkizuna». Hitzak baino ekintzak behar dituzte: «herritar guztiek ideia ona dela diote baina ados egoteak ez du balio erabiltzen ez bada».Horren arabera, aukerak bi dira: «sei hilabeteotako datuak onak badira, egun eta ibilbide gehiagotara zabaltzeko aukerari helduko diogu. Martxarik ez badu, eten egin beharko dugu».
Beraien aldetik eta «hilabetean 1.000 euro inguru» kostatzen zaiela kontuan hartuz, argi dute: «laguntzarik gabe ezin dugu mantendu». Laguntzak jasotzeko, berriz, «erabilera beharrezkoa» dela erakutsi behar da. Hori ikusiko balitz, eskua luzatu eta laguntza eskainiko diete: «emaitzak itxaropentsuak badira, Udalak zerbitzua urte hondarrera arte mantentzeko asmoa adierazi du». Norberaren esku dago erabakia: autobusera goititu edo pasatzen utzi.