«Ttikitasuna eta giro goxoa da Azpilkuetako besten berezitasuna»

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 6a, 11:00

Naiara Ariztia.

NAIARA ARIZTIA AZKARRAGA Azpilkuetako gaztea

Bigarren Hezkuntzako ikasketak akituta, udaz gozatzeko prest dago Naiara Ariztia, Azpilkuetako «neska lasaia eta alaia». Datorren ikasturterako «gogoa» agerikoa zaio, «azkenean» berak nahi izan duen bidea hartuko duelako: «haurrak izugarri gustatzen zaizkit eta magisteritza ikasiko dut».

Aitzinetik, ordea, ederki merezitako oporrez gozatu eta lasai egoteko aukerarik ez zaio faltako: «lagunekin besta egiteko eta familiarekin astebetez kanpora joateko baliatuko dut uda». Oraindik ez dute oporraldirako data zehaztu, baina uztailaren 5etik 8ra bitarte etxean izanen da, herriko bestak ez baititu aise galduko. Are gehiago, egunez eguneko akitaldiak ederki iltzatuak eta antolatuak ditu: «bezperan, txupinazoaren ondotik, pilota partida eta zopak izaten ditugu» adierazi digu. Horixe da egunen bat aukeratu behar balu eskatuko lukeena «guztiok gogotsu eta bestak hasteko irrikaz egoten garelako».

Herriko besten ondotik Baztandarren
Biltzarraren esperoan egoten naiz

Biharamunean haurren eguna izaten dute eta haiendako jokoak izaten dira. Gazte aunitzek atseden hartzeko baliatzen dute eguna, «biharamunean gazte bazkaria eta gazte-jokoak izaten ditugu eta indarrak berrartzea komeni izaten da». Hondarreko egunean, berriz, zikiroa izaten dute. Azpilkuetako sanferminak ez dira, akaso, Iruñekoak edo Lesakakoak bezain ezagunak, baina guztien gozamenerako ekitaldiak dituzte eta herrikoen behar eta nahiei erantzuten diete. Hain zuzen, ttikitasun horretan dago berezitasuna: «denok elkar ezagutzen dugunez giro goxoa sortzen da». Laguntasuna eta auzolanak bat egiten dutenik ezin uka, eta horren lekuko da Naiara Ariztiak egiten duen ekarpena: «ni ez nago antolakuntzan baina, ahal dudan heinean, laguntzen saiatzen naiz».

Egun horiek pasata, berriz, Baztandarren Biltzarraren esperoan egonen da Azpilkuetako gaztea: «hori ere gustuko dut, nahiz eta niretako udako besta hoberenak herrikoak diren». Oporraldiko gainerako egunetan, joan den urtean bezala, «herrian bertan haurrak zaintzen edo ttikiekin zerikusia duen lanen batean» aritzeko asmoa du. Lana gustukoa denean, gozamen bilakatzen delako eta bestaz besta ibili ahal izateko diru pixka bat ere behar delako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun