Alizia Iribarren elizondoarra izanen da AEKko koordinatzaile nagusia

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 4a, 08:30

Urteetan Erriberako AEKko arduraduna izan da Iribarren

Azken hamahiru urteotan ardura hori izan duen Mertxe Mugika bizkaitarra ordezkatuko du. Urriaren 1ean hartuko du kargua.

Mertxe Mugikak (Elorrio, Bizkaia, 1963) agurreko mezuan, 13 urteko ibilbidea «oparoa eta aberasgarria» izan dela adierazi du eta «euskararen normalizazioan aletxoa» jarri duela. Elkarlanaren garrantzia ere azpimarratu du, eta «indarrak batu» behar direla gaineratu du, «bakoitza bere kabuz ibilita, bidea neketsuagoa eta luzeagoa delako». Gisa berean, urte hauetako une bat aukeratzekotan, 20. Korrikakoa aipatu du: «Santiago zubian, euskalgintzako eta erakundeetako ordezkariek elkarrekin kilometro bat egin genuenekoa. «Euskararen lekukoa esku batetik bertzera pasatu genuen eta irudi horrek inflexio puntua ekarri zuela uste dut». Horrez gain, AEK eta normalizazio prozesua egoera «interesgarrian» daudela adierazi du, «ikasleen gorakada izaten ari da azken urteotan: herritar gehiagok jo du euskaltegietara, eta euskara praktikatzeko egitasmoetan ere, antzekoa da egoera. Baita normalizazio-egitasmoetan edota aktibazio-ekimenetan ere».

Heldu den irailaren 3an Gasteizen eginen dute 2019-2020 ikasturteko aurkezpen-agerraldia eta han parte hartuko dute Alizia Iribarrenek (Elizondo, Nafarroa, 1976) eta Mugikak eta adierazi bezala, urriaren 1etik aitzinera, elizondoarra izanen da AEKren koordinatzaile nagusia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun