Azpilkuetako sanferminak uztailaren 5etik 8ra ospatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 4a, 06:30
Giro polita izanen da sanferminetan Azpilkuetan ere.

Haurren esku pilota finalarekin hasi eta zikiro-jatearekin, afariarekin eta Gaixoa Ni kantatuz akituko dituzte bestak

Lau egunez ekitaldi andana izanen dituzte Azpilkuetan: kirol hitzorduak, musika, otorduak, haurrendako jokoak, txapelketak… Batetik bertzera ibiliko dira herritar eta bisitariak, lasaitasuna galdu eta gozamena irabaziz. 

ORTZIRALEA, UZTAILAK 5

Bestei hasiera emanen dien txupinazoa 18:30ean leherraraziko badute ere, aitzinetik mugimendua izanen da herrian. Izan ere, 17:00etan haurren esku-pilota finalak jokatuko dituzte. 17:00etan frontenis txapelketako finala jokatuko dute. 21:00etako ezkila-hotsen bidez jendea mugiarazi eta 21:30ean zopak jateko bilduko dira. Eguna borobiltzeko, Beñat akordeoilariren eskutik, gaupasa izanen dute. 

 

LARUNBATA, UZTAILAK 6

Haurrak izanen dira larunbateko protagonistak. 11:30etik aitzinera puzgarriak izanen dituzte. 17:00etan, berriz, txokolate beroa jan, aurpegiak margotu eta bertzelako jokoez gozatzeko aukera izanen dute. Bien bitartean, 16:30ean gazte eta helduak mahaiaren bueltan bilduko dira eta mus txapelketa jokatuko dute. 21:00etan tortilla-jatean bilduko dira eta 00:00etatik aitzinera dantzaldian bilduko dira, Hauspolariek taldearen eskutik.

 

IGANDEA, UZTAILAK 7

11:00etako mezaren ondotik, herriko elkartean mokadutxo batzuk eskainiko dituzte. 14:00etan gazte-bazkaria izanen dute eta ondotik, jokoetan ariko dira. Arratsaldean, 18:00etan, erraldoiak herrian barna ibiliko dira kalejiran eta, eguna borobiltzeko, Mariachi los Gavilanes taldearen erritmora mugituko dituzte gerriak.

 

ASTELEHENA, UZTAILAK 8

08:00etan sua piztuta, 09:00etan gosaltzen hasiko dira. Goiza lasai pasa ondotik, 14:30ean zikiro-jatea izanen dute. Herritarrak, Fidel akordeoilariaren musika lagun, mahaiaren inguruan luze egonen dira. 21:00etan afaria eta Gaixoa ni izanen dituzte.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun