Oronozko San Martin eskolako frontoi zaharberritua inauguratu dute

Fernando Anbustegi 2019ko uzt. 1a, 12:00

Ikasle ohien bilkuran herriko erraldoi berriak ere estreinatu zituzten 

Oronozko San Martin ikastetxeko ikasle ohiek urteroko anaitasun besta ospatu dute ekainaren 29an. Ekitaldia aprobetxatu du Oronoz-Mugairiko herriak garai bateko ikastetxeko pilotaleku zaharberritua inauguratzeko eta herriko bi erraldoi berriak plazaratzeko. Argazkiak: Fernando Anbustegi

Larunbat goizean meza eman zuten Oronozko elizan Ramon Apezetxea apezak (garai batean ikastetxeko zuzendari ere izan zen) eta Alfonso Garziandiak. Juan Cruz Ripollek jo zuen organoa eta Mari Carmen Torroba sopranoak kantatu zuen. Ondotik, Oronoz-Mugairiko herriak antolatutako jaialdia hasi zen, Aitatxi eta Amatxi erraldoien bedeinkapenarekin. Hain zuzen, Petra (Petra Erice, Catalan etxekoa, 102 urterekin hil zen) eta Manuel (Manuel Arretxea jauregikoa, 103 urterekin hil zen) izenak eman dizkiote erraldoiei. Florentino Goñik aipatu zuenez, «hainbertze lan egiten duten eta hain esker guti jasotzen duten herriko aitatxi-amatxi guziendako omenaldia izan nahi dute». Oronoz-Mugairiko konpartsak jotako doinuekin dantzatu zuten lehen aldiz erraldoiek.

 

Irribarria eta Zabaleta, Ezkurdia eta Mariezkurrenaren kontra

San Martin Ikastetxeko Segundo Anaia frontoia zaharberritu dute, Nafarroako Gobernuko Kirol eta Gaztediaren Institutuak eta Balleko Etxeak sinatutako hitzarmen baten bidez. Barneko eta kanpoko hormak garbitu, zuloak eta artekak estali eta margoketa lanak egin dituzte, 17.182 euroko aurrekontuarekin.

Inaugurazio-ekitaldian, ikastetxeko ikasle ohien izenean, Javier Altzugurenek Segundo Anaia goraipatu zuen, ikastetxearen, herriaren eta pilotaren alde egin zuen lana azpimarratuz. Urtetan Pilotaren Eguna antolatu zuen eta Garcia Ariño, Gallastegi, Arriaran, Ogueta, Bergara edo Pierola bezalako pilotariak ekarri zituen. Joseba Otondo Baztango alkateak frontoia zaharberritzeko egindako lana eskertu zien oronoztarrei. Bittor Elizagoien bertsolariak bertsotan adierazi zuenez, Iñaki Otxandorena eta Mikel Goñi pilotariek frontoi horretan ikasi zuten pilotan. Oronoztarrek oroigarri bana eman zioten pilotariei eta jaialdia antolatu zuen Florencio Lasagari eta Ruth Peña, Oronozko alkateak, zapia jarri zion buruz buruko txapelketa irabazi duen Iker Irribarriari.

Inaugurazio ekitaldia borobiltzeko, pilota partida jokatu zuten eta Irribarria eta Zabaletak 22-14 irabazi zieten Ezkurdia eta Mariezkurrenari. Segundo Anaiaren irudiaren aitzinean familia-argazkia atera ondotik, Urgain jatetxean bazkaldu zuten bai ikasle ohiek, baita oronoztarrek ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun