Aniz abizena dutenen eta aniztarren arteko 25. topaketa izan zuten ekainaren 29an

Maitane Maritorena 2019ko uzt. 1a, 08:23

Aniz abizena dutenen eta aniztarren arteko 25. topaketa izan zuten ekainaren 29an. Benidormen, Madrilen, Logroñon, Kanpezun eta Iruñean bizi diren Aniz abizena dutenak hogeita bosgarren urtez etorri ziren ekainaren 29an Anizerat. Goizean Elizondon barna bisita gidatua izan zuten eta ondotik aniztarrekin bazkaltzerat joan ziren guztiak. Bazkalondoan Anizerat joan ziren eta herriari itzulia eman. Gastanategia bisitatu, Elizarat joan... eta akitzeko, honen guztiaren antolatzaile eta bulkatzaile izan zenari eta denari, Prospero Anizi, Anizko herriak esker onez euskal makila erregalatu zion. Argazkietan, herriari itzulia eman ondotik elizarat bidean, eta borobilean, Prosperoren azalpenak aditzen ageri dira. Argazkiak: Maitane Maritorena

Hain zuzen, ospakizun hauek 1994. urtean hasi ziren, Aniz abizena zuen pertsona bat aniztarrekin harremanetan paratu, eta ordutik goiti urteroko hitzordua bihurtu da herriaren abizena dutenak eta herritarrak egun pasa egitearena.

Lehenbiziko topaketa hura Anizen egin zen eta Aniz abizena zuten Arabako familiak eman zion hasmenta topaketa honi. Ondoko urtean, 1995.ean, aniztarrak eta Aniz abizena dutenak Ziraukin elkartu ziren, izan ere, han Miren de Aniz izena duen ermita bat bada, eta garai batean Aniz izeneko herri bat ba omen zen:  hori dela eta bigarren urteko elkarketa han izan zen. Ordutik goiti bertze herri eta lekuak bisitatu dituzte: Aralar, Kanpezu, Gares, Uxue, Ororbia, Gasteiz... Aurten seigarren aldiz hurbildu dira Anizera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun