Aniz abizena dutenen 25. bilkura eginen dute ekainaren 29an Anizen

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 28a, 14:00

Hogeitabosgarren topaketa eginen dute, seigarren aldiz Anizen.

Ekainaren 29an Aniz abizena dutenak eta aniztarrak elkartuko dira. Aurten, bilkura honetan 25.urteurrena ospatuko dute. Hain zuzen, ospakizun hauek 1994. urtean hasi ziren, Aniz abizena zuen pertsona bat aniztarrekin harremanetan paratu, eta ordutik goiti urteroko hitzordua bihurtu da herriaren abizena dutenak eta herritarrak egun pasa egitearena.

Lehenbiziko topaketa hura Anizen egin zen eta Aniz abizena zuten Arabako familiak eman zion hasmenta topaketa honi. Ondoko urtean, 1995.ean, aniztarrak eta Aniz abizena dutenak Ziraukin elkartu ziren, izan ere, han Miren de Aniz izena duen ermita bat bada, eta garai batean Aniz izeneko herri bat ba omen zen:  hori dela eta bigarren urteko elkarketa han izan zen. Ordutik goiti bertze herri eta lekuak bisitatu dituzte: Aralar, Kanpezu, Gares, Uxue, Ororbia, Gasteiz... aurten, berriz ere eta seigarren aldiz,  Anizen elkartuko dira Araba Gipuzkoa eta Lleidako aniztarrak eta herritarrak.

Urteroko bazkari, kantu, bisita gidatu eta oroigarri banaketaren ondotik, heldu den urtera artio agurtuko dira Anizko herritarrak eta Aniztik kanpoko aniztarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun