Baztango 58 haurrek eman dute izena Elizondon eginen diren udako jostaldietan

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 28a, 08:41

Erratzuko udako jostaldiak urtetik urtera indarra galdu duela ikusita, aurten ez antolatzea erabaki du Baztango Euskara Batzordeak

Euskara Batzordetik adierazi dutenez, «udako jostaldien helburua euskara sustatzea da eta Elizondon dugu hutsunerik handiena». Hala, «aurtengo apustua Elizondokoa indartzea» izan dela nabarmendu dute, «bertako haurren euskararen erabileran eragin ahal izateko».

Baztango 58 haurrek parte hartuko dute Euskara Batzordeak antolatuta abuztuaren 5etik 30era Elizondon eginen diren udako jostaldietan. Hala ere, berrikuntza batekin datoz aurtengo udako jostaldiak. Izan ere, normalean Erratzun ere udako jostaldiak antolatu izan dituzte eta Amaiur eta Erratzuko haurrek parte hartu izan dute hor. Baina urtetik urtera jostaldietan parte hartu izan duten haurren kopuruak beheiti egin duela ikusita, aurten Erratzun ez antolatzea erabaki du.

Haur kopurua urtetik urtera

Erratzuko jostaldiek indarra galdu duten bezala, goiti egin dute azken urteotan Elizondokoek. 2014an 41 haur apuntatu ziren Erratzun eta 15 Elizondon. Euskara Zerbitzuak bortz begirale hartu zituen haurrez arduratzeko.

2015ean Erratzun 42 haurrek eman zuten izena eta 34k Elizondon. Lau begirale aritu ziren. 2016an lau begiralerekin 24 haur ibili ziren udako jostaldietan Erratzun eta 33 Elizondon; 2017an, begirale kopurua mantenduz, 20 haur bildu ziren Erratzun eta 37 Elizondon; 2018an 17 haurrek eman zuten Erratzuko udako jostaldietan izena eta 55ek Elizondon. Zazpi begirale hartu zituzten beraiez arduratzeko. Aurten berriz, zazpi begirale arduratuko dira Elizondoko udako jostaldietara apuntatu diren 58 haurrez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun