Nekazaritza Politika Bateratu berriari buruzko udako ikastaroa antolatu dute Baztanen

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 28a, 20:00

Baztango Udalak EHUrekin eta Etxalde mugimenduaren elkarlanean antolatu duen ikastaroa irailaren 27an eginen da

2021-27 aldirako orain definintzen ari diren Nekazaritza Politika Bateratuaren inguruan eztabaida sustatu nahi dute, eta bide batez landa garapenerako politiken aukerak aztertu nahi dituzte landa eremu biziak bultzatzeko. Ikastaroaren bertze helburuetako bat aitzinera begira landa garapenerako tokiko politika publikoen aukerak eta oztopoak aztertu eta zehaztea izanen da. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea.

Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) eredu berriak landa eremu bizia sortzen laguntzen al du? 2021-27 NPB berriaren aukerak elikadura sistema osasuntsuak eta landa eremu biziak lortzeko. Izenburu hori duen udako ikastaroa antolatu du Baztango Udalak EHUrekin eta Etxalde mugimenduarekin elkarlanean. Ikastaroa irailaren 27an izanen da, Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean, baina dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. Bi aukera daude matrikula egiteko: online edo inprimakia deskargatu eta bidalita.

Landa eremua eta nekazaritza sektorea Euskal Herriko gizarte eta ekonomikarentzako «esparru estrategikoak» direla iritzita eta horra zuzendutako gaur egungo politikak «nagusiki NPBren eskutik» datozela ikusita, eztabaida piztu nahi dute orain definitzen ari diren 2021-27 aldirako NPB berriaren inguruan. Gizartearen gehiengoarentzat «politika arrotza» dela uste dute antolatzaileek eta «gure gizartean ez dela eztabaida nahikorik izan». Horri irtenbidea eman nahi diote. «Politika honen baitan nekazaritza-sektoreari eta baserritarrei, landa eremuei eta oro har gure herriei eta herritarroi NPBk nola eragiten digun eztabaida sustatu nahi dugu, dirulaguntzak nola banatzen diren ezagutu eta alternatibak nondik nora jo dezaketen mahai-gaineratuz, NPBn tokiko eragileek jokatu dezaketen papera ardatz hartuz».

Egitaraua

09:00etatik 09:15era dokumentazio banaketa eta harrera.

09:15etik 10:00etara irekiera ekitaldia. Mirene Begiristain Zubillaga EHUko Finantza Ekonomia II Saileko irakasleak, Joseba Otondo Bikondoa Baztango alkateak eta Jean Pierre Saint Marie Pagola Etxalde-Nekazaritza Iraunkorreko kideak parte hartuko dute.

10:00etatik 11:00etara Nekazaritza Politika Bateratua aztergai izanen dute. NPBren izaera eta edukia: lehen zutabeko dirulaguntzak hizpide izanen ditu Eduardo Malagon Zaldua EHUko Ekonomia Aplikatua V Saileko irakasleak.

11:00etatik 12:00etara NPBren dirulaguntzen aplikazioa Europan: Frantziako eta Espainiako kasuak aipatuko ditu Efren Areskurrinaga Mirandona EHUko Ekonomia Aplikatua I Saileko irakasleak.

12:00etatik 12:30era atsedenaldiaren tartea izanen dute eta kafea eta produktu agroekologikoak dastatzeko aukera izanen dute.

12:30etik 14:00etara mahai-ingurua eginen dute. Nola eragiten digu NPBk Euskal Herrian? gaiaren inguruan ariko dira Imanol Ibero Azkarate EHNEko Nafarroako koordinatzailea, Juan Manuel Intxaurrandieta Salaberria INTIAko zuzendaria, Mikel Iribarren Euskal Herriko Laborarien Batasuneko zuzendaritzako kidea eta Alazne Intxauspe Elola Etxalde nekazaritza iraunkorreko zuzendaritzako kidea. Mirene Begirastain EHUko irakaslea izanen da moderatzailea.

14:00etatik 15:30era bazkaltzeko tartea hartuko dute.

15:30etik 16:30era mintzaldia: Elikadura Politika bateratu baterantz Europako Batasunean, IPES-FOODeko Francesco Ajenaren eskutik.

16:30etik 18:00etaran mahai-ingurua eginen dute: Esperientzia tailerra: elikadura estrategien aplikazio eraikitzaileak gure udalerri eta eskualdetan gaia izanen dute hizpide Joseba Otondo Bikondoa Baztango alkateak, Marijo Imaz Gurrutxaga Urduñako Udaleko Landa Garapeneko dinamizatzaileak eta Imanol Esnaola Arbiza Gaindegiako zuzendariak. Mirene Begiristain Zubillaga EHUko irakaslea ariko da moderatzaile lanetan.

18:00etatik 18:30era amaiera instituzionala eginen dute eta honetan Mirene Begiristain Zubillaga EHUko irakasle eta ikerlariak, Jean PIerre Saint Marie Pagola ELB sindikatuko kideak eta Joseba Otondo Bikondoa Baztango alkateak parte hartuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun