Pirinioaz bi aldetako zientzialariek ura eta aldaketa klimatikoa hizpide izan dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 21a, 19:00
Piragua egitasmoko jardunaldietan parte hartu duten zientzialariak, Arizkuneneako atarian.

Piragua egitasmoaren baitan jardunaldia egin dute Arizkunenean ekainaren 17tik 20ra 

Piragua (Pirineos-Agua) egitasmoaren baitan antolatutako jardunaldietan, Pirinioaz bi aldetako zientzilariek klima-aldaketa, ura eta Pirinioak izan dituzte hizpide ekainaren 17tik 20ra Elizondoko Arizkunenean egindako topaketan.

Ane Zabaleta, Euskal Herriko Unibertsitateko geologak aipatu digunez, «egitasmoa joan den urtean hasi zen eta hiru urte luzatuko da». Mugaz gaindiko elkarlanaren bidez, Pirinioetako ziklo hidrologikoa aztertu nahi du klima-aldaketaren testuinguruan, dagoen informazioa bilduz, etorkizunean nolakoa izan daitekeen aurreikusiz eta estrategiak proposatuz.

 

Helburuak

Hiru helburu nagusi dituzte zientzialariek: gaur egungo eta etorkizuneko ur-baliabideak aztertu; klima-aldaketari egokitzeko aukerak identifikatu eta sustatu; eta klima-aldaketak baliabideen gain izanen duten eraginaren ezagupena zabaldu.

Ikerketa honek, 1985 eta 2015 urteen arteko Pirinioetako ziklo hidrologikoa eta ur-baliabideak eta etorkizunean (2030-2050) nolakoak izan daitezkeen aztertu du.

Arizkunenean egin dituzten jardunaldietan Bidasoko arroa aztertu dute, esperientziak, datuak eta ikerketak elkarbanatu ditiuzte eta Amaiurretik hasi eta Doneztebera bitarte ibai bazterrean ibili dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun