Klika

Erabiltzailearen aurpegia Estebe Apezetxe Murua 2019ko eka. 19a, 18:00

Badira bi hilabete Korrikaren 21. edizioa akitu zenetik eta bertze behin ere Euskal Herriko errepide eta karrikak euskaraz mukuru bete genituenetik. Hizkuntza bat bultzatzeko munduan egiten den ekimenik jendetsuenean euskararen alde egotetik alde egitera pasatzeko momentua dela aldarrikatu genuen lau haizeetara. Bertze lekuetan bezala, eskualdean ere harrera beroa izan zuen lasterketak eta lerro hauek baliatu nahi ditut eskerrak emateko. Horretarako, Klika aurtengo leloaren letretan oinarrituz, Korrikaren jarduna eta helburuak lau aditzetan laburbilduko ditut.

K letraz, KONPROMETITU. Gero eta indibidualistagoak garen garai honetan, hainbat eta hainbat lagun konprometitu ziren Korrika pasatu aitzineko hilabeteetan osatu genituen batzordeetan buru-belarri lanean aritzera. Hunkigarria da bakoitzaren eginbeharrek uzten duten denbora tarte laburra Bera, Elgorriaga, Zugarramurdi eta Elizondoko bilkuretan pasatu duen jendearekin lan egitea. Izan ere, Korrika ez litzateke izanen batzordeetan egiten den lan ikaragarria gabe. Biba zuek!
L letraz, LAGUNDU. Aldarrikapenaz gain, Korrikak badu helburu ekonomikoa ere. Berari esker urtero milaka ikaslek ikasten dute euskara Euskal Herriko AEKren euskaltegietan. Eta euskaraz doan ikasteko eskubidea gauzatzeko bidean, instituzioek behar adinako laguntzak eman ezean, hemendik aitzin ere beharrezkoa izaten segituko du. Hori dela eta, eskerrik beroenak kilometroa erosiz, Korrika Lagun edo Laguntzaile izanez, arropa jantziz edo bertze edozein modura Korrika lagundu duzuen guzioi.

«Klika egitea aukera bat hartzea bada, euskararen hautua egitea izan dadila».


I letraz, IKASI. Euskara ikasleak dira AEKren eta Korrikaren izatearen funtsa. Egunerokotasunean beren burua euskalduntzeko eta euskaraz bizitzeko egiten duten ahalegina eskertzekoa da eta aitzineko puntuan erran bezala, ahalegin hori erreala izan dadin Korrikak ezinbertzekoa izaten segitzen du.
A letraz, ARITU. Ikastea edo jakitea ez dira aski eta gure hizkuntza zaharrak bizirik segituko badu, bihotzean ez ezik, mingainean ere egon beharko du. Aurtengo mezuak zioen bezala, Klika egitea aukera bat hartzea bada, aukera hori izan dadila euskararen hautua egitea, ikastearena, inplikatzearena eta gehienbat erabiltzearena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun