Erretiratuen gaurko eta geroko erronkak izan dituzte hizpide Elizondon

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 19a, 12:06
Erretiratuek parte hartu zuten ekainaren 12an Arizkunenean egindako mahai-inguruan.

Ekainaren 12an mahai-inguru interesagarria izan zuten Arizkunenean, Pentsionistak Martxan mugimenduaren eskutik 

Bizi duina, zahar parte duina: Oraingo eta etorkizuneko erronkak. Lelo honekin burutu zen ekainaren 12an Pentsionistak Martxan mugimenduak antolatutako solasaldia, Elizondoko Arizkunenean.

Xaloa Telebistako Joseba Igarabidek zuzendutako saioan, Begoña Alberrok (Malerrekako jendarte zerbitzuko teknikaria)k, Fernando Etxeberriak (Arkupeak elkarteko idazkariak), Luis Igeltzek (Sasoiako kideak) eta Josean Urkiolak (LAB 3. Adinako koordinatzaileak) parte hartu zuten.

Saioa hagitz emankorra suertatu zen, mahaiko guztiek ekarpen interesgarriak  egin baitzituzten.

Alde batetik aipatu zen ofizialki ematen diren datuak ez dutela errealitatea isladatzen; pentsioen banazbertzekoak ematen direnean, pentsioen alorrean diru sarreren eta gastuen desoreka bat bada eta horrek eragiten du.

Era berean, laguntzak badirela, baina tramiteak egiterakoan jartzen diren baldintzak erabat zailtzen dutela laguntza horiek lortzea ere azpimarratu zuten mahai-inguruan. Bertzalde, pobrezia harlaxan daudenak gero eta larriago daudela ere gogoratu zuten, gastuak etengabe goiti egiten dutelako. Alde horretatik, Baztan-Bidasoaldeko jendea nahiko isila dela erran zuten, laguntzak eskatzera joateko lotsatzen dela eta ez dela konturatzen beren eskubidea dela. Historia, aldarrikapenak, egin diren lanketak, eman diren lorpenak… hauek denei buruz ere jardun zuten solaskideak.

 

Pentsio sistema propioa

Ondorio nagusiak azpimarratu zituzten; 1.080  euroko gutieneko pentsioaren aldarrikapena. Nafarroan, adibidez, pentsioen %58,26a 1.100 eurotik behetikoak dira eta egoera horretan dauden emakumezkoak %77,26a dira eta gizonezkoak berriz %39,29a. Bertzalde, pentsio sistema publikoa eta propioa (Nafarroa mailakoa) ere aldarrikatu zuten.

Aldarrikapen hauek lortzeko mobilizatu beharraz denek bat egin zuten. Heldu den irailetik aitzin mobilizazioek bertze molde bat hartuko dutela jakinarazi zuten, azpimarratuz heldu den urriaren 1ean Euskal Herrian mobilizazioak eginen direla.

Eskualde mailan mugimendu honek hilero egiten ditu elkarretaratzeak, Doneztebeko Santa Luzia plazan, hirugarren astelehenetan, eguerdiko 12:00etan.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun