BRT Menditarrak errugbi taldeak ez du 2019-20 Euskal Ligan izena emanen

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 18a, 18:00
Oraingoz, heldu den denboraldiko senior mailako errugbi talderik ez dela izanen erabaki du BRT Menditarrak zuzendaritza batzordeak.

Zuzendaritzak hartutako erabaki hau aldatzeko konpromiso osoarekin 22 jokalari behar dira eta oraingoz 17 bertzerik ez dute

BRT Menditarrak errugbi taldeak ez du 2019-20 denboraldirako Euskal Ligan izena emanen. Zuzendaritzak hartutako erabaki hau aldatzeko konpromiso osoarekin 22 jokalari beharko lituzkete eta gaur gaurkoz, azken asteetan egindako entrenamenduetan ikusi denez, konpromiso hori hartzeko prest dauden 17 jokalari daude eta lan edo bertze arloekin bizitza uztartu beharrean daudelako bertze 7 jokalarik konpromiso erdia eskainiko zuten.

Halere, helburu hau lortzeko asmoz uda guztian lan eginen dutela jakinarazi dute zuzendaritza batzordetik. Abuztuaren 2an hasiko dira aurredenboraldiarekin eta hilabete horretan ere gogor lan eginen dute jokalari kopuru hori lortzeko, «eta hala balitz, senior taldearen izen-ematea osatuko dugu». Senior mailako taldearekin gertatzen dena gertatuta ere, taldearen harrobiko mailek bere plangintzarekin segituko dute, hau da, 2019-2020 denboraldian maila guztietan entrenatu eta lehiatuko dute.

 

Eskertza

BRT Menditarrak-en senior taldearen egoera larria dela eta (taldearen etorkizuna ondorioz), BRTren egungo egoeraren jendeaurreko azalpen bat egitea erabaki zuen zuzendaritza batzordeak maiatzaren bukaeran. Zonaldeko gazteei dei eta gonbidapen bat egin zitzaien ekainaren erdialderarte kirol hontan proba zezaten, 2019-2020 denboraldiari aurre egiteko jokalari kantitate minimoa lortzeko asmoz.

Lehenik eta behin errugbi talde, kirol honen jarraitzaile eta zale aunitzen dei, mezu eta laguntza eskari mordoak eskertu nahi ditu zuzendaritza batzordeak: «Une latz hauei aurre egiteko edozein neurri, bultzada eta ideiak ongi etorriak dira».

20 egun hauetan «errugbiaren sustatze kanpainak» zonaldean ondorio positiboak eduki dituela ere uste du batzordeak:  «Egun hauetan zehar gazte andana batek kirol honengatik interesa agertu eta probatu du, eta iraganean BRT-n jolastu zuten jokalari batzuk taldera itzultzea pentsatu dute». 

Dena den, momentuz hau ez dela nahikoa ere onartu du zuzendaritza batzordeak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun