Astebururo izaten du «zeregina», eta hori «eguraldiaren arabera» aldakorra izaten da: «eguzkia atera bezain fite karrikarat ateratzen gara». Badute, bertzalde, «larunbatero» errepikatzen duten planik: mendi-itzuliren bat eta lagunarteko afaria. Hortik aitzinerakoa «momentuak agintzen du!».
Ahal duenean, besta egitea ere gustatzen zaio eta bereziki «udakoak, herrietako bestak» ditu gustuko: «ostatuetako besta baino nahiago dut plazetakoa, kanpokoa». Herrikoak ate joka dituzte eta gogoz hartuko ditu Etxabek: «denek elkar ezagutzen dugun arren, egunerokotasunean bakoitzak bere bizitza eta lana du eta bestak elkartzeko aitzakia ederra izaten dira. Herrikoen artean sortzen den giroa eta hurbiltasuna ederra da». Beteta ditu egunak: «ortzegunean haurren eguna, Izpegiko bizikleta-igoera eta zopa-jatea izanen ditugu; ortziralean gazte bazkaria, poteoa eta kontzertuak; larunbatean luntxa eta pilota partidak eta igandean zikiro jatea. Ekitaldi gehiago ere badira, eta egitarauan xehetasunak bilduta daude».
«Bestak ez dira adin guztietara egokituak, aurrekontu mugatua izateak ez baitu bide ematen»
Egun guztiek «berezitasunen bat» badutela nabarmendu du erratzuar gazteak, eta hortaz, eguna baino momentuko giroa azpimarratuko luke: «herritarrak mahai-inguruan biltzen garenean sortzen den giroa izugarria da». Oharkabean eguna luzatzen denean lo eskasiari eta biharamunari aitzin egiteko «etxetik atera, lagunekin bildu eta oliba batzuk jatearekin» aski izaten du: «bestondoa lagunartean elkarbanatuz gero arinagoa da!». Argi du Erratzuko bestak ez direla «denen gustukoak eta adin tarte guztietara egokituak» eta beraz, gaztea den heinean ez ditu pasatzen utzi nahi. Horren arrazoi nagusia «diruaren mugak» direla erranen luke eta, bere aldetik «haurrendako ekintza gehiago» falta direla uste du. Mugak muga eta inperfekzioak inperfekzio «bereziak eta gustagarriak» dira: «probatu ez duenak ez daki zer den hau!».