Noiz sartu zinen Baztango Rugby taldean?
18 urteak arte bizikletan ibili nintzen lehiaketetan. Ondotik, kirola eta besta uztartzeko kirol bat hartu nahian sartu nintzen BRTn (irriz).
Zer eman dizu BRTk?
Lagun aunitz, tokiak ezagutzeko aukera, elkarte batzuekin elkarlanean aritzea... Nafarroaren Egunean laguntzen aritu ginen (ostatuko txandan) baita Oinezen ere.
Oraindik orain, laguntza eskaintzen diezu...
Jokalari gisa serioski aritzeari 2011n utzi nion. Bada errana errugbi-jokalariek ez dutela errugbia uzten... eta egia da. Ordutik partidaren bat edo bertze jokatu izan dut. Orain Baztango Rugby Eskolakoen txapelketen ardura dut.
Urteotan aldaketa sumatu duzu?
Bai, kirolari kopurua murriztuz joan da. Taldea berreskuratu genuenean 20-25 lagun bildu ginen eta helburu bertsua genuenez indarrez ekin genion. Urtez urte, konpromisoa gu- ttituz joan dela erranen nuke, salbuespenak salbuespen.
Eta maila aldetik?
Batak bertzea eragin du: entrenamendu guttiago, jende guttiago... maila ere beheiti.
Seniorren taldea kolokan dago. Zer sentitzen duzu hori aditzean?
Kristoren pena. Aitzinerat aterako denaren esperantza dut. Gibeletik aunitz heldu dira: 18 urtez azpikoak 12; 16tik beheitikoak 14; eta eskoletan ere bada jende poliki. Bi urteotako estutasuna pasatuta taldea azkartuko dela uste dut.
Zenbaten faltan daude?
15 finko eta 5-6 konpromiso osoa eman ezin dutenak... Bertze 5 bat beharko lirateke.
Nola animatuko zenuke jendea?
Kontaktuko kirol bortitza den arren, barneko amorruak askatzeko kirol aproposa dela erranez. Sortzen den lagun taldea ere urtetarako izan daiteke.
Zein izanen da zuen erronka?
Taldea egonkortzea, ezin dugu emaitzik eskatu. Egia erran azken urteetan hala izan da...
Zein eragin izanen luke seniorren taldea desagertzeak?
Gaztetxoen erreferentzia itzaltzea. Nahiko egoera onean gaude eta hori pena litzateke...
Gaztetxoekin aitzinera eginen duzue?
Gertatuak gertatu azpiko kategoria guztiekin gutxienez urtebete gehiago eginen dugu.