BRT errugbi talde seniorra desagertzeko arriskuan dago

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 13a, 12:00

Jokalari gehiago behar ditu BRT errugbi taldeak heldu den denboraldian talde nagusia zelairatzeko. Argazkia: Pello San Millan

Ortziralerako deitu duen entrenamendura jende nahiko azaltzen ez bada, ez du talderik aterako hurrengo denboraldian

Aurtengo denboraldia akitu berri da eta BRT-Menditarrak errugbi talde nagusiak kategoria galdu du. Klubean ez dute berri hain txartzat hartu maila galtzean, trantsizio garaian daudelako eta jokalari berriei jokatzen ikasteko eta esperientzia hartzeko ongi etorri zaielakoan. Baina horretarako jokalari nahiko izan behar dituzte eta gaur gaurkoz, egoera txarra da.

Hurrengo denboraldirako jokalari falta nabamena dute eta talde seniorra desagertzeko arriskuan dago. Iaz 40 urte bete ziren BRT errugbi taldea sortu zenetik, eta azken hogei urtetan segidan senior mailako taldea izan du. Baina hurrengo denboraldirako talde seniorrean guttieneko jokalari kopuru bat lortzen ez badute, taldea desagertuko da. Beraz, deia luzatu dute errugbia jokatzera animatzeko. Norbait prest badago, ekainaren 14an, ortziralean 19:30etik 21:00etara Lekarozen eginen duten entrenamendura ager daiteke edo 682 250529 telefonora dei dezake, informazio eske edo izena emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun